Iraitz MATEO
Kazetaria

Satelite asko daude, baina U23a ez da meteorito bat

Hondartza bat Madril erdian, proposamenik gabeko trajedunen oilar gudu bat telebistan, batzearen aldarria izentzat hartutako zatiketak, txiringito itxura duten ekitaldiak, “Txapote” sanferminetan edota sentitu gabeko ehunka ikurrin, euskalduntasunak baino folkloreak homologatuta.

Bitartean, Euskal Udal Legearen 6.2 artikulua ezeztatu dute Espainiako Gobernu berria eratu baino lehen, Iruñeko sanferminetan 20 eraso sexista baino gehiago salatu dira, Memoria Demokratikoaren Legea ezeztatzeko mehatxua alderdi programen lehen lerroetan, Irun eta Hendaia arteko Santiago zubia ezin dute igaro azal beltzeko herritarrek, eta euskal presoen gradu aldaketetan oztopoak noiznahi.

Zerutik -edo infernutik- eroritako meteorito bat iduri dezake uztailaren 23ko data markatuak. Giro udatiarrean, ezer gertatzen ez dela ematen duen, baina mundua gero eta eskuinerago doan momentuan ospatuko dira hauteskundeak Madrilen. Ez da ordea meteorito bat, pasatu den maiatzean ahoz aho zebilen «ziklo aldaketan» beste geltoki bat izan daiteke, burua pixka bat altxatuz gero. Madrilen jokatzen da, baina ez da Madrilen geratzen, gure sukaldeetaraino sartuko baita.

Udal eta Foru hauteskundeetatik gatoz, eta ezin ahaztu datorren ikasturterako aurreikusita daudela Lakuako hauteskundeak. Maiatzean aldaketa bat sumatu genuen Hego Euskal Herrian, EH Bilduk goranzko nabarmena egin zuen, eta EAJk %20ko jaitsiera sufritu. Uztailaren 23a, beraz, geltoki bat gehiago izan daiteke, edo tranpolin bat akaso Gasteizera begira jartzeko. Dena dela, argigarria izan daiteke, ikusteko maiatzean uste bezala ezker independentistaren goranzko joerak jarraitzen duen eta ziklo aldaketa baten atarian gauden. Egun seinalatu bateko haututik harago, gure herrian zein balio eta proiektu gizarteratu diren eta sakoneko aldaketarik badagoen ikusi ahal izango dugu akaso urte amaieran.

Eta tartean, udal zein foru hauteskundeetan ez bezala, abertzaleen arteko herri itunik biziko dugun ikusteke dago, norberak zehaztu beharko du bere sateliteek zeren inguruan biratzen duten.