Jon GARMENDIA
Idazlea

Züzülü

Sukalde» hitza entzun bezain laster kendu ditut eguzkitako betaurrekoak udako bero saparen erdian, eta hotzaren xerka jin naiz, urtaro ospelagoetara. «Goizetan izotza xuri, behar ari artherikan, argia gabe geiñhatûrik behik üztartzen barrukian». Suaren alde ibiltzen zinela oroitu dut hortxe, suaren aldean beti, pizten eta mantentzen, oroitzapenek usaimena dakarten zure bizitoki partikular hartan. Jangela, egongela, eta hitz-gela, aldi berean; argia eman eta jasotzeko zure gela-zulo maitean. «Amak sütondo xokhuan phüntükan ta bethaxükan, haurrak üngürian kaxetetan hixtoriakan edo drixokan». Tximiniaren ondoko altzari arraro hura ere oroitu nahi izan dut: bankua, lau hankakoa, kofre gisakoa, mugi zitekeen apalategia zeukana, sutondoan bazkaltzeko aukeran, eta, zahartutakoan, hil artean non bizi jakiteko. «Mantetxetik begi-tresnak hartürik bazkaltü ondun, aitak zian kaseta hartzen, jarten ixil züzülü xokhun, haurrak pelotakan ari eskatz mürrin edo kanpun». Bai, Züzülüan zu, Euskal Herri osoari begira zure sukaldetik, bertso eta kopla zaharrak kozinatzen ziren xokotik. Zure hiztegiari urrunagoko hitzak erantsiz sarri.

«Udan dallü batekilan belhar ephaiten goizetan, Ekhia epheltü ordüko arestelatze bedaketan, belhar sartzen arrestitan, ehatzünak espaldetan». Uros bizi ginen orduan, alaitasuna zerion lanari, argitasuna zuen egun bakoitzak, okerrik gabe hala dio memoriak. «Leheneko denboretan gure etxondo maitetan, irus bizi ginen, bai, gure lurretan. Basa bazterretan eta kharriketan».