EDITORIALA

Galeren sozializazioa, Lemoizko adibidean

Espainiako Gobernuak Enresa enpresa publikoari eman zion Garoñako zentral nuklearraren titulartasuna, instalazioak desegiteaz ardura zedin. Desmuntatzearen kostua 475 milioikoa izango dela aurreikusi da, baina oraindik ez dago kalkulu ofizialik hondakinen kudeaketaren kostuari buruz. Hala eta guztiz ere, Enresak zehaztu du gastu horiek guztiak energia enpresek ordaintzen duten tasa espezifikoarekin finantzatuko direla. Zentral nuklear bat ixteko behar diren funtsen bolumena eta jatorria estaltzeko modu egokia da eskema hori, ezbairik gabe.

Ez zen gauza bera gertatu Lemoiz zentral nuklearreko eraikuntzekin. Zentrala ez zen martxan jarri, eta haren jabea, Iberdrola, legez behartuta zegoen ingurua jaso zuen moduan Administrazio publikoari itzultzeko. Urteak eman zituzten urratsik egin gabe, harik eta, 2017an, Arantxa Tapia sailburuak iragarri zuen arte Norvegiako eta Frantziako inbertitzaileak zeudela kalan arrain haztegi bat eraikitzeko proiektuan interesa zutenak. Asmo hori kontuan hartuta, Iberdrolak maniobrak egin zituen Madrilen, baita EAJk ere, Iberdrolak lur horiek Gasteizko Exekutiboari lagatzeko Espainiako Gobernuak oniritzia eman zezan lortu arte. Hori 2019ko kanpainan gertatu zen, eta, berehala, Aitor Esteban EAJko legebiltzarkideak meritua bere buruari eman zion. Beste kontu bat da eragiketa horren emaitza non dagoen. Alde batetik, modu horretan Iberdrolak eremua lehengoratzeko kostua aurreztu zuen. Bestetik, Lakuako Exekutiboak uko egin zion «ezkutuko karga edo akatsengatik» erantzukizunak eskatzeari, hau da, kudeatzeko arrisku guztia bere gain hartu zuen Administrazio publikoak. Eta azkenik, harrigarria bada ere, arrain haztegiaren proiektuari buruz ez da berririk izan azken lau urteetan.

Lemoizko operazioan Aitor Estebanek izan duen meritua, funtsean, Iberdrolari Basordetako kala lehengoratzea kostatuko litzaiokeena aurreztu izana da, baita mantenu gastuak ere. Laster 2,6 milioitik gora gastatuko ditu Lakuak dikea konpontzen. Orain euskal herritarrek Lakuako aurrekontuaren bidez ordainduko dute. Irabazien pribatizazioaren eta galeren sozializazioaren beste adibide bat, EAJri esker.