GARA
IRUÑEA

Gares, Tutera eta Elizondo jaietan murgilduko dira datorren aste osoan

Azkenean iritsi da jaien hitzordua Nafarroako Gares, Tutera eta Elizondo herrietara eta, astelehenetik aurrera, jai giroan murgilduko dira aste osoan. Nafarroako herri hauetako jai batzordeek eta udalek antolatu dituzten egitarauek ez dute aspertzeko tarterik utziko, ez herritarrei, ezta kanpotik festa egitera agertuko direnei ere.

Garesko jaiak Riau Riau ekitaldi jendetsuarekin hasten dira urtero.
Garesko jaiak Riau Riau ekitaldi jendetsuarekin hasten dira urtero. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Arga ibaia zeharkatzen duen zubi erromaniko famatuak izena ematen dion Puentelarreina-Garesen sei egunez luzatuko dira jaiak, astelehenean hasita. Txupinazoa 13.00etan izango da eta aurten herriko taekwondo taldeko bi kidek botako dute, azken 40 urteotan herrian egin duten lana aitortzeko. Lehen egun honetan ere ez da faltako ohiko Riau Riau ekitaldia. Bertan, Udalbatza bezperetara abiatuko da 17.30ean Union Musical Puentesina taldearekin.

Hortik aurrera, eta larunbata bitartean, egitarau anitza prestatu du jai batzordeak. Aurtengo berritasunen artean aipatzekoak dira Riau Riau bukatutakoan egingo den kolore festa eta Burdin Taupadak-en emanaldia. Horiekin batera, aurreko urteetan arrakasta handiena izan duten jarduerak berreskuratuko dira, hala nola Santiago eguneko pilota partida, mariatxiak edo Mugitu Aventuraren jarduerak ibai ertzean.

Asteazkenean haurren eta nagusien eguna ospatuko da, ostegunean gazteena eta ostiralean herri bazkaria egingo da. Larunbatean, goizaldeko 01.00ean, “Gaixoa ni” abestu eta azken traka botako dute.

TUTERAN ETA ELIZONDON

Astelehenean hasiko dira Santa Ana jaiak Tuteran. Txupinazoa 12.00etan izango da, eta «jaiak pozik hasteko» ezusteko bat izango dela iragarri du Udalak. Jaien hasieraren ondoren, peñak kalejiran irtengo dira txarangarekin lagunduta. Beste batzuk, ordea, DJ eta kontzertuak antolatu dituzte astelehen eguerdirako.

Asteazkenean omenaldia egingo zaio Eguzki konpartsari, eta jarraian gazte olinpiadak ospatuko dira. Osteguna herri kirolei eta artisau elikagaiei eskainitako eguna izango da, eta iluntzean Laya dantza taldearen kalejira abiatuko da.

Larunbatean Nafarroako erraldoien konpartsa batzuk elkartuko dira alde zaharrean, eta igandean amaiera emango zaie aurtengo jaiei, goizaldeko ordu batean egingo den "gaixoa ni" ekitaldiarekin. Guztira, 200 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte Tuteran.

Elizondon ere astelehenean botako dute santiotako txupinazoa, eta ostirala arte luzatuko dira herri honetako jaiak. Lehen egunean ez dira faltako ohiko Baztan zopak plazan eta, ondotik, konpartsaren itzulia.

Beste zenbait ekitaldiren artean, aipatzekoak dira kuadrillen bazkaria asteazkenean, bertso saioa ostegunean eta zikiro jatea ostiralean Iriarte pilotalekuan. Azken egun horretan, gauerdian, “Gizajoa ni” eta kalejirarekin agurtuko dituzte festak elizondotarrek.