GARA Euskal Herriko egunkaria
TORTURA EUROPAN AZTERGAI

Euskal Herriko 5.379 tortura kasuak NBEra iritsi dira lehenengo aldiz

NBEren Torturaren Aurkako Batzordeak estu hartu zuen Estatu espainola. Euskal Herrian erregistratutako 5.379 tortura kasuei buruz galdetu zion zuzenean, eta eskatu erantzun zezala zergatik ez dituen kasuok ikertu. Ordezkaritza espainiarrak, baina, ez zuen erantzunik eman. Beste zenbait kontu ere hizpide izan ziren, polizien indarkeria edo arauen hierarkia, kasurako.

Torturak salatzeko, Bilbon egindako mobilizazio baten artxiboko irudia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Atzo egin nuen galdera bat berreskuratuko dut, kontu oso zehatz bat erantzun gabe gelditu zelako: eman ditzakezue azalpenak Euskal Herriko 5.371 pertsonen lekukotzak torturapean lortu zirela esaten duen txostenaren eta gai honen gaineko ikerketa faltaren inguruan?» Galdera hau egin zion atzo Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Torturaren Aurkako Batzordeko errelatoreetako batek Estatu espainolari.

Asteazkenetik ostiralera, NBEren Batzorde honek zazpigarrenez galdekatu zuen Estatu espainola, ziurtatzeko agindu eta lege europarrak zuzen betetzen dituela. Alor desberdinetako kontuak landu ziren Genevako (Suitza) Wilson Jauregian, baina bazen galdera bat oso zehatza, Batzordeko errelatoreek, Erdogan Iscan turkiarrak eta Anne Racu moldaviarrak, ostegunean delegazio espainiarrari egin ziotena eta erantzun gabe gelditu zena. Errelatoreek galdegin zuten ordezkari espainiarrek azalpenak eman zitzatela Lakuako eta Nafarroako gobernuek erregistratuta dituzten 5.379 tortura kasuen inguruan. Iscanek galdera errepikatu zuen atzo arratsaldeko saioan eta, berriz ere, erantzuna saihestu zuten espainiarrek, «denbora falta» argudiatuta.

Lehenengo aldiz iritsi da NBEra euskal herritarrek Estatu espainiarreko polizia eta segurtasun indarren aldetik jasan duten tortura kasuen erregistroa. «Oso garrantzitsua izan da Batzordeko kideek jakitea badagoela ikerketa bat eginda Istanbulgo Protokoloa jarraituz, esaten duena 5.379 torturatu daudela. Kopuru zehatza eman dute errelatoreek. Behin eta berriz galdetu dute honen inguruan», azaldu zuen Iratxe Urizar abokatuak. Giza Eskubideen Behatokia, Egiari Zor eta Sarek ondutako txosten batek eraman du zifra Batzordera, eta Urizar izan da hiru erakundeon ordezkaria Genevan.

Estatu espainolaren erantzunak, baina, ez ziren zehatzak izan -edo ez ziren izan-. «Puntu korapilatsu guztietan espainiar delegazioak egin duena izan da testu legala bere horretan irakurri», gaitzetsi zuen Urizarrek. Ordezkari espainiarren artean, Escarlata Gutierrez Justiziako delegatua izan zen protagonistetako bat, bere hitzartzeen hoztasunagatik, batik bat. Torturaren biktimen aitortza eta erreparazioari buruz galdetuta, erantzun zuen badirela biktimei arreta emateko bulegoak eta «doan» jo dezaketela bertara, Fiskaltzaren bitartez, tratu ankerrak jasan dituzten pertsonek.

ISOLAMENDUA ETA BESTE

Euskal erakundeen txostenak bi ohartarazpen nagusi jaso zituen: batetik, torturaren biktimen aitortza eta erreparazio falta eta, bestetik, presoen askatasunerako legezko bideari jartzen zaizkion oztopoak. Bi kasu zehatz ere aipatzen zituen: Xabier Atristainena eta Iñigo Cabacasena. Zuzenean ez bazen ere, kasu hauetan eragina izango luketen zenbait puntu jorratu zituzten Batzordean.

Errelatoreek arauen hierarkia aipatu zuten, Estatu espainolari galdetuz nazioarteko legediak zer garrantzi hierarkiko duten legedi espainiarrean. «Guk Atristainen kasua aurkeztu dugu. Estrasburgok bere epaia eman zuen arren, Espainiako Auzitegi gorenak atzera bota zuen eta Atristain berriro espetxeratu», zehaztu zuen abokatuak. Estrasburgoko auzitegiak esan zuen Atristaini konfiantzazko abokatua izateko eskubidea ukatu zitzaiola eta, beraz, bere kontrako prozesu judiziala baliogabea zela ebatzi zuen. Beste kasu bat oinarri hartuta, baina konfiantzazko abokatua izateko eskubidearen inguruan ere galdetu zuten errelatoreek.

Iñigo Cabacasen auzia aurkeztu zuten txostenean hiru euskal erakundeek, NBEko errelatoreei gogoraraziz gaztearen heriotzak ez duela zigorrik edo ondorio penalik izan ezein polizia edo arduradun publikorentzat. Hala, Cabacasen kasuan eta Kataluniako erakunde batzuek aurkeztutako beste txosten batzuetan oinarrituta, Poliziaren indarkeria eta agenteei ezartzen zaizkien diziplinazko zigorren inguruko galderak ere izan ziren Wilson Jauregian.

Beste urte batzuetan bezala, presoen kontra aplikatzen den inkomunikazioa eta isolamendua aztertu zuen Torturaren Aurkako Batzordeak. Eta, oraingoan, izan da aldaketarik Estatu espainolaren diskurtsoan, Iratxe Urizarrek argitu zuenez: «Baieztatu dute ez dagoela isolamendurako ziega berezirik, eta ez dute onartu isolamendurako inolako modulurik dagoenik».

Batzordearen aurrean gezurra ere esatera iritsi ziren Estatu espainoleko ordezkariak, ziurtatuz presoak ez direla inoiz hamabost egun baino gehiago edukitzen isolamendu egoeran.