Eztibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Elur oreinak

Neguko egun batean Artikoko zirkuluaren iparraldean, bederatzi urteko Elsak gizon bat bere elur orein kumea hiltzen ikusten du eta ondoren gizon berak mehatxu egiten dio, gertatutakoaz ezer esan ez dezan. Elur oreinen zaintzale samien alaba da Elsa eta, haur bat besterik ez bada ere, jakin badaki ikusi duenaren esanahia. Elur oreinak ez dira samien bizigaia bakarrik, balio espirituala ere badute. Elur orein bati eraso egitea sami kulturari berari eraso egitea da. Aitak krimenaren berri eman arren, Poliziak ez du neurririk hartzen. Aitzitik, “lapurturiko” animalien gainean gauza handirik ezin dela egin esaten diote (hiltzaileak, elur oreinaren jabetza zehazteko aukerak zapuzteko, marka daramaten belarriak moztu dizkio), indarkeria zantzuak argiak diren arren.

Antzeko kasuekin egin bezala, ikerketa ixten du Poliziak, berez ikerketarik egon ez bada ere. Hamar urte geroago sami kolektiboaren kontrako erasoak areagotu egin dira eta elur orein gehiago torturatuak eta akabatuak dira Elsaren komunitatean. Baina ordurako Elsa nazkatu da Suediako Poliziaren interes ezarekin, eta bere gain hartzen du justizia lortzea. “Stöld” (Lapurtua, 2021) nobela idazteko Sapmi lurraldean hainbat urtez jazotako gertaeretan oinarritu zen Ann-Helen Laestadius sami jatorriko idazlea. Ehun polizia txostenetik gora aztertu zituen, guztiak torturaturiko eta hildako elur oreinen gainekoak. Bakar batean ere ez zen auziperatzerik gertatu.