GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Urdaibaik hirugarren bandera lortu du Sestaon, eta lidergoa eskuratu du

Ohorezko txandan lehia oso estua izan da, eta azken luzean hartutako abantailari esker, Bermeora joan da Sestaoko Bandera. 4 segundotara sartu dira Zierbena eta Hondarribia. «Bou Bizkaia» traineruak eta «Ama Guadalupekoak» 64 puntu dituzte.

Gorka Aranberri Urdaibaiko patroia Sestaoko Bandera astintzen, arraunlariak aurrean dituela. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Emozioz beterikoa izan zen atzo Sestaon jokatu zen ohorezko txanda, eta azken luzera arte ez zen erabaki nor izango zen garailea. Azken luzean hartutako abantailari esker Bermeora joan zen Sestaoko Bandera; denboraldiko hirugarrena da bizkaitarrentzat, eta estreinakoz lidergoa eskuratu dute. Hondarribiarekin puntuetan berdinduta daude (64), baina ez banderetan. Iker Zabalaren taldeak hiru bandera poltsikoratu ditu, eta Mikel Orbañanosenak, bat.

Korronteak behera egin zuen txandak igaro ahala, eta beraz, ohorezko txandako traineruek baldintza hobeak izan zituzten arraun egiteko. Eta hegan egin zuten.

Paperean, korronteak zirela-eta, joaneko luzean laugarren kalea zen onena, eta etortzekoan bigarrena. Bada, ohorezko txandan, lehen luzean Donostiarra hasi zen aurretik, nabarmen, lehen kaletik zihoala. Hondarribia zuen atzetik, bigarrenetik; eta traineru bat atzerago zeuden Zierbena eta Urdaibai, hirugarren eta laugarren kaleetatik, hurrenez hurren. Korrontea ez ezik, haizeak ere eragin zuen.

Lehen ziabogan Donostiarrak markatu zuen denborarik onena, baina atzean itsatsita zituen beste hiru ontziak, bi segundoko aldearekin. Orduan, Urdaibai hasi zen aurrea hartzen, baita hari segika Zierbena ere; teorikoki kale txarrenak zituzten arren, korronteari dagokionez. Hirugarren luzeak, lehenengoaren lehengo lepotik izan zuen burua: Donostiarra jarri zen lehena, eta Hondarribia atzetik.

Hirugarren eta azken ziaboga hartu aurretik, berriro ere parez pare jarri ziren lau traineruak, eta orduan hartu zuen aurrea Urdaibaik, ziaboga eman eta berehala.

“Torrekua II” ontziak momentu horretan egin zuen pauso bat atzera. Banderaren lehiatik kanpo geratu zen, eta beste hiru traineruak garaipena lortzeko borrokan bizirik zihoazen. “Ama Guadalupekoa” zihoan bigarren, “Bou Bizkaia”-ri tartea jan nahian. Baina azkenerako, ezin. Gorka Aranberri patroiak gidatutako traineruak eraman zuen bandera, eta lidergoa ere bai. Hondarribiaren atzetik zetorren Zierbena, eta atzekoz aurrera eginda, bigarren iritsi ziren helmugara; Ioseba Amunarriz lemazainak gidatutako ontzia baino milaren gutxi batzuen aurretik.

CABO NAGUSI

Ohorezko txandatik urruti ez zen ibili Cabo. Bigarren txandako trainerurik indartsuena izan zen. Lehen kalea tokatu zitzaien, eta eskifaia indartsua zutela erakutsi zuten. Oriorekin izan zuten ika-mikarik handiena, baina azkeneko luzean tartea atera zion Cabok Jon Salsamendiren taldeari, eta txandako lehena izan zen.

Atzetik ere, lehia estua izan zuten Getariak eta Lekittarrak, eta helmuga pasatuta ere, ez zen jakin zein izan zen lehena. Helmugako argazkiak argitu zuen zein igaro zen aurretik: Gipuzkoarrak izan ziren, eta bost milaren atzetik igaro ziren bizkaitarrak.

Lehen txandan Ondarroak laugarren kaleari etekina atera zion, eta “Esperantza” eta “Isuntza” ontziek baino denbora hobea egin zuen. Hozka egin zuen Ondarroak, eta bi puntu baliotsu gehiago lortu, xedea lortzeko bidean: kanporaketarik ez jokatzea, alegia. Izan ere, Samertolameuk azken postuan jarraitzen du, eta zuloan sartzen ari da. Zazpi puntuko aldea du Santurtzi azken aurreko sailkatuarekiko. Kaikuk etxean egin zuen arraun, baina ez zuen lortu estropada ona egitea, ezta gutxiago ere. Azken bi jardunaldietan hirugarren txandatik ez dira atera. Gaur Castron jokatuko dute (12.15ean).