Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
ITSASOA

Lakey Peterson eta Filipe Toledo txapeldun, Jeffreys Bayko txapelketan

Lakey Peterson estatubatuarrak eta Filipe Toledo brasildarrak irabazi zuten Hegoafrikako Jeffreys Bay urautsi mitikoan egin zen CT itzuliko 9. txapelketa. Nesken rankingean ez da ia aldaketarik izan eta mutilenean ere aldaketak oso txikiak izan dira.

Ezkerrean, Jeffreys-Bayeko lau finalistak oholtzan. Eskuinean, bi irabazleak, Lakey Peterson (goian) eta Filipe Toledo (azpian).
Ezkerrean, Jeffreys-Bayeko lau finalistak oholtzan. Eskuinean, bi irabazleak, Lakey Peterson (goian) eta Filipe Toledo (azpian). (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Lakey Peterson estatubatuarra eta Filipe Toledo brasildarra gailendu ziren Hegoafrikan egin zen CT itzuliko bederatzigarren txapelketan. Olatuak ez ziren izan zaleek eta lehiakideek nahiko zituzketen bezalakoak eta, itzulia amaitzeko txapelketa bakar baten faltan, rankingetan ez da aldaketa esanguratsurik izan.

Txapelketa polita izan zen, metro bateko olatu politak izan ziren, eta lehiakideek ikuskizun ederra eman zuten, baina ez ziren izan Jeffreys Bayko urautsian izan ohi diren eskuin olatu handi, indartsu eta ikusgarriak.

Emaitzei dagokienez ere ez da aldaketa esanguratsurik izan rankingetan, batez ere nesken kategorian, lehen bost postuetan ziren lehiakideen artean ez baita aldaketarik izan. Mutilenean izan ziren aldaketa txiki batzuk, baita ustekabeko kaleratzeak ere, John John Florencena kasu, baina finean ez da aldaketa nabarmenik gertatu; hala, irailean egingo den Final Handira iristeko aukerak zituzten lehiakideen zerrendak ia lehengo bera izaten jarraitzen du.

Peterson eta Toledorekin batera finalera iristea lortu zuten beste bi surflariak Ethan Ewing eta Molly Picklum australiarrak izan ziren. Gauzak horrela, lortutako emaitzari esker Peterson seigarren postura igo da nesken rankingean, baina oraindik ez du lehen bost postuen marra gainditzea lortu. Aitzitik, Picklumek laugarren postuari eutsi dio eta, bera bezala, lehen postuetako beste lehiakideak ere ez dira mugitu.

Carissa Moor hawaiiarrak lehen postuan jarraitzen du, Tyler Wrighetk australiarrak bigarrenean, Caroline Marks estatubatuarrak hirugarrenean eta Picklumen atzetik, bosgarren postuan, Caitlim Simmers dago, hau ere estatubatuarra.

Mutilen rankingean Toledo da buru, Ethan Ewing bigarren postura igo da, Griffin Colapinto estatubatuarra hirugarrenera jaitsi da, eta Joao Chianca eta Yago Dora brasildarrek laugarren eta bosgarren postuei eutsi diete.

TXAPELKETA BATEN FALTAN FILIPE TOLEDOK AURTENGO DENBORALDIKO HIRUGARREN TXAPELA IRABAZI ZUEN HEGOAFRIKAN. HORRELA, SUNSET-EN (HAWAII) ETA EL SALVADORREN ESKURATUTAKO GARAIPENEI HIRUGARREN TXAPEL BAT ATXIKI ZIEN ETA RANKINGEKO LEHEN POSTUARI ERE EUTSI DIO.

Lehen mailako WSL itzulia amaitzeko txapelketa bakar bat falta denean, helburu bakarra dute lehiakideek, Taihitin abuztuan egingo den txapelketa amaitu ostean CT rankingeko lehen bost postuetako batean egotea, soilik horiek izango baitira irailean Trestlesen (Kalifornia) egingo den Txapelketa Handian lehiatu ahal izango diren surflariak, eta ondorioz, aurtengo WSL munduko titulua irabazteko aukera izango duten lehiakide bakarrak.

Egun lehen bost postuetan diren lehiakideetatik harago oso gutxi dira Final Handian parte hartu ahal izateko aukera duten lehiakideak. Mutilen kasuan seigarren postutik hamabigarren postura bitartean diren lehiakideek dute oraindik Final Handian izateko itxaropena, baina bosgarren postutik zenbat eta urrunago egon orduan eta zailtasun gehiago dituzte, zeren gainontzeko lehiakide guztiek oso emaitza txarrak izan behar dituzte haiek aurrera egin ahal izateko. Matematikoki ezinezkoa da hainbeste lehiakidek emaitza txarra izatea, zeren denboraldi erdian egin zen lehiakide murrizketen ostean 22 mutil eta 10 neska soilik ari dira lehian lehen mailan.

Adibidez, seigarren, zazpigarren eta zortzigarren postuetan diren Gabriel Medina, John John Florence eta Jack Robinson lehen txandan kaleratu beharko lituzkete ondorengoek azken txapelketa irabazi eta aukera minimo bat izateko, eta, noski, lehen bost postuetan diren lehiakideek ere emaitza oso txarrak izan beharko lituzkete. Ondorioz, zinez aukera gutxi dituzte zortzigarren postutik behera direnek Final Handira iristeko.

Emakumezkoen kasuan ere gauza bera gertatzen da, egun lehen postuetan diren lehiakideez gain soilik seigarren eta bederatzigarren postuen artean diren lehiakideek izan dezakete Final Handian izateko itxaropena, baina ikuspegi matematiko hertsi batetik harago, begi bistakoa da lehenengo postuetan diren surflariek askoz ere aukera gehiago izango dituztela.