Ion SALGADO
GASTEIZ

PSE, EH Bildu, PP eta EAJk diputatu bana lortu dute Araban

PSE lehenengo indarra izan da Araban igande honetan izandako hauteskundeetan. Dena dela, PSEk, EAJk, EH Bilduk eta PPk diputatu bana izango dute Kongresu espainolean. Sumarrek, aldiz, ez du eserlekurik lortu.

PSEk, EH Bilduk, PPk eta EAJk diputatu bana lortu zuten atzo Araban. Inkestek egindako aurreikuspenek iragartzen zuten bezala, Sumarrek ez du eserlekurik izango Kongresuan hastear dagoen legealdian.

Lehen indarra PSE izan da Araban igande honetako hauteskundeetan, eta Daniel Senderos Madrilgo Kongresuan izango da berriro.

PSEk irabazi du Gasteizen, Iruña Okan, Dulantzin, Zambranan eta Oionen, beste hainbat udalerriren artean.

Eta lehen indarra izan da Arabako Errioxako Bastidan ere. Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan PP lehen indarra izan zen bertan, eta alkatetza lortu zuen, EAJko zuzendaritzak hala erabaki zuelako. Udalbatza eratzeko osoko bilkuran hautagairik ez aurkeztea erabaki zuen, eta EAJko zinegotziak haserrearazi zituen horrek. Hala, badirudi herritarrek ez dutela gertatutakoa ahaztu. Duela lau urte jeltzaleak bigarren indarra izan ziren Bastidan; atzo, aldiz, laugarrena.

EH BILDU, BIGARREN INDARRA

Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduko zerrendaburua ere Madrilgo Kongresuan izango da. Subiranistek hobetu egin dituzte duela lau urte lortutako emaitzak, eta bigarren indar bilakatu dira Araban.

Gainera, lehen indarra izan ziren Laudion, Zuian, Zigoitian, Kanpezun, Urizaharran, Bernedon, Añanan, Kuartangon, Aramaion, Legution eta Lautadako udalerri gehienetan. Aipatzekoak dira Amurrion, Arabako hirugarren udalerri handienean, lortutako emaitzak, lehen indar politikoa bilakatuta.

PP boto gehien lortu dituen hirugarren alderdia izan da. 2019ko hauteskundeetan ez zuen diputaturik eskuratu Araban. Baina Javier Maroto Gasteizko alkate ohiak galdutako eserlekua Javier de Andres Arabako ahaldun nagusi ohiak berreskuratu zuen atzo.

Alderdi eskuindarrak irabazi zuen Guardian, Lantaronen, Ekoran, Mañuetan, Armiñonen eta Erriberabeitian, Arabako hegoaldean.

EAJREN JAITSIERA

Aipatzekoa da EAJk atzoko hauteskundeetan izandako jaitsiera. Duela lau urte garaipen argia lortu zuen Araban, 40.000 boto eskuratuz, eta zenbaki horretatik urrun izan ziren atzo. Ia 28.000 boto lortu zituzten herrialdean. Gasteizen, adibidez, 10.000 boto inguru galdu dituzte 2019rekin alderatuz.

Jeltzaleek irabazi zuten Aiaran, Okondon, Gaubean, Erriberagoitian, Berantevillan, Arraia-Maeztun, Haranan, Burgun, Lagranen eta Arabako Errioxako zenbait herritan; horien artean dira Villabuena, Lantziego eta Kripan.

Nabarmena da, halaber, Yolanda Diaz buru duen koalizioaren porrota; izan ere, 2016an eta 2015ean izandako hauteskundeetan Ahal Dugu lehen indarra izan zen Araban. Oraingoan Sumar bosgarren indarra izan da.

Duela lau urte Ahal Dugu lehen indarra izan zen Trebiñun, botoen %33,69 lortuta. Sumarrek ez zituen halako emaitzak lortu. 163 boto jaso ditu, %24,73. Argantzonen ere Ahal Dugu izan zen indar bozkatuena 2019an. Atzo bigarrena izan zen, botoen %24,17 bilduta. PSOEk irabazi du Arabako erdialdean dauden bi udalerri horietan, gaur egun Burgosen mende daudenetan.

SENATARI SUBIRANISTA

Senatuari dagokionez, EH Bilduk ezarritako helburua lortu du eta Arabak lehen aldiz izango du senatari subiranista bat: Josu Estarrona.

PSEk hiru senatari lortu zituen Araban atzoko hauteskundeetan. Eta EAJk, berriz, galdu egin ditu zeuzkanak.