GARA Euskal Herriko egunkaria

Dozenaka hildako utzi dituzte Aljeriako baso-sute izugarriek

Bero boladak Afrika iparraldea latz kolpatu du. Gutxienez 34 lagun hil dira, tartean hamar soldadu, Aljeriako Bejaia eta Bouira eskualde menditsuetan zabaldu eta kontroletik kanpo dauden baso-suteetan.

Baso-suteen ondorioak Toudja hirian, non tenperaturak 48°C-raino igo diren. (Soummam BEJAIA | AFP)

Aljeriako iparraldeko eskualde menditsuetan, bereziki Bejaia, Bouira eta Jijel probintzietan, kontrolik gabe hedatu diren baso-suteen ondorioz dozenaka dira hildakoak, beste horrenbeste zauritutakoak, milaka ebakuatu behar izan dituztenak. Herrialdeko Barne ministerioaren arabera, gutxienez 97 sute zenbatu dituzte, muturreko beroak eta haize harroek hauspotu dituztenak.

Udan Aljerian baso-suteak ohikoak diren arren, aurtengoak Mediterraneo aldeko zenbait herrialdetan pairatzen ari diren bero boladek markaturikoak dira. Iazko abuztuan, adibidez, 37 lagun hil ziren El Tarf probintziako baso-suteetan, eta duela bi urte 90 izan ziren hildakoak. Baina aurtengoak ezberdinak dira.

Izan ere, tenperatura errekorrak hausten ari dira bazter haietan, bata bestearen ondoren. Atzo bertan, auzokidea duen Tunisian tenperaturak 50°C-ra iritsi ziren, eta sute berriak berehala piztu ziren. Aljeriaren eta Tunisiaren arteko mugaldeko pinudiak kiskaltzen ari dira eta hainbat herrixketatik ehunka biztanle ebakuatu behar izan dituzte.

8.000 suhiltzailetik gora, dozenaka hegazkin eta 350 kamioirekin suteak kontrolatzen saiatzen ari ziren bitartean, Aljeriako agintariek ebakuazio operazio erraldoia abiatu zuten, sute gehiagoren inguruko berriak emateko jarri dituzten doako telefonoetan deiak etengabekoak zirela. Kezkatuta agertu ziren, oso kezkatuta, sare sozialetan kiskalitako soro eta basoen irudiak, autoena eta etxebizitzena, zabaltzen ziren bitartean.

UGARIAGO, HILGARRIAGO

Klimaren krisiak muturreko fenomenoak elikatzen ditu, nonahi, gero eta maizago, hondamendi ugariago eta hilgarriagoak eraginez, Aljerian ere pairatzen ari diren bero bolada itogarrietatik, baso-sute erraldoi eta uholdeetaraino. Suteek eragindako urteroko heriotzak errepikatu ez daitezen, Aljerian saiatu dira neurriak hartzen. Suteen aurka borrokatzeko hegazkin berriak erosi dituzte, ebakuazioak errazteko helikopteroak lur-hartzeko tokiak prestatu dituzte basoetan, baina begi-bistakoa da ez dela aski. Beroaren eta suteen urteroko hondamendiak kolpatu du aurten ere, beste behin.

Zientzialarien arabera, Mediterraneoko eskualdea krisi klimatikoaren «puntu beroenetarikoa» da, eta etorkizuna arriskuz josita marrazten dute. Diotenez, baso-suteekin bezala, Afrikako iparraldean prestatu egin beharko dira bestelako kalteen aurrean: uztak okerrera egitea, lehorteak luzatzea, espezie inbaditzaileen ugaritzea eta abar.

MEDITERRANEOKO AMESGAIZTOA

Aljeriakoa, ordea, ez da Mediterraneoan gertatzen ari den hondamendi bakarra. Atzo, bere hondartza eta aztarna arkeologikoengatik ezaguna den Greziako Rodas uhartean, sei egun jarraian kontrol gabe hedatu diren suteen ondorioz, herrialdean inoiz egin den ebakuazio operazio handiena egin behar izan zuten.

Irudiak aski danteskoak ziren: milaka turista kostaldeko resort eta hoteletatik ihes egiten, uhartea airez konektatzen zuten hegaldi guztiak bertan behera, 30.000 pertsona baino gehiago eskoletan eta kiroldegietan lo egitera behartuta, yateak jendez lepo ebakuazioan laguntzen... Larritasun handiko uneak bizi izan ziren. Eta aditu guztiek aurreratzen dute, Mediterraneoan abuztuan areagotuko diren bero boladen kolpeen ondorioz, larriagotu egingo dela egoera.