GARA
DONOSTIA

58. Jazzaldiak marka guztiak hautsi ditu, 191.000 entzule eta puntako artistekin

Donostiako 58. Jazzaldiak arrakasta itzela izan du. Inoiz baino lagun gehiago, 191.000, bildu dituzte bost egunetan eskainitako 90 kontzertuek. Kalitatezko musikarekin gozarazi dituzte entzuleen belarriak Julian Lage, Norah Jones, Ezra Collective eta Yosuke Yamashitak, besteak beste.

Bamba Wassoulou, kontzertuan.
Bamba Wassoulou, kontzertuan. (Jon URBE | FOKU)

Donostiako 58. Jazzaldiaren antolatzaileen balantzea ezin hobea da. Jende asko bildu da kontzertu guztietan, sekula baino gehiago. 191.000 lagunek bete dituzte bost egunetan 16 agertokitan egindako 90 kontzertuak. Salgai zeuden 21 kontzertuetatik hamabostetarako sarrerak bukatu dira.

Nazioarteko izar handiek, jazzaren etorkizuna markatuko duten artista berriek, musika estilo ugaritako taldeek zein bertakoek kontzertu apartak eman dituzte, hiria musikaz, jai giroz eta ospakizunez betez.

TRINITATE PLAZA

Larunbata gitarren gaua izan zen. Julian Lagek sasoi betean dagoela erakutsi zuen. Bill Frisellek, bestalde, entzuleak miretsita utzi zituen bere argitasun, dotoretasun eta berotasunarekin. Bi emanaldien artean, bi gitarra jotzaileek agertokia partekatu zuten. Publikoaren oroimenean betiko geratuko den une horietako bat.

Igandean Abdullah Ibrahimek Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuen. Kontzertu leun bat eskaini zuen maisu hegoafrikarrak, eta bihotz barrenetik “a capela” abesten amaitu zuen. Bigarren kontzertua Nubya Garciarena izan zen, indartsua eta liluragarria.

Astelehena Enrico Ravarekin hasi zen. Goizean Donostiako Jazzaldia saria jaso zuen, ibilbide luze bati esker ona. Italiako tronpeta maisuak kontzertu bikaina eman zuen, bere herriko talentu gaztez inguraturik. David Helbock’s Austrian Syndicateren emanaldia izan zen ondoren. Sekulako euri jasa bota arren, entzule gehienek eserlekuetan eustea lortu zuten.

Triniko kontzertuak festa eder batekin amaitu ziren. Bamba Wassoulou Groove maliarrek plaza osoa dantzan jarri zuten beren gitarra hipnotikoekin. Eta Joss Stone handi baten kontzertuaz gozatu ahal izan zen.

KURSAAL AUDITORIOA

Askotariko estiloekin, Kursaal Auditorioak puntako bost kontzertu hartu ditu. Kenny Barronek, EGOrekin batera, ikusleak poztu zituen. Norah Jones, ahots eta piano zoragarriarekin, bikain aritu zen.

FCC Victoria Eugenia Antzokian JazzEñeren bederatzigarren edizioa egin da, kalitate handiko proposamenekin. Bitartean, Keler Gunean, Village Peoplek 40.000 pertsona dantzan jarri zituen hondartzan. Ondoren, Fred Wesley funkaren historiako izar baten txanda izan zen.

San Telmo Museoko klaustroan, piano solo kontzertuen formatua errepikatu dute. Inolako anplifikaziorik gabe, pianoaz gozatzeko aukera eskaini da, edukiera txikiarekin eta leku magiko batean.