GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Harria


Kazkabarra edo txingorra ekaitz hodei baten goiko aldean sortzen da. Hodeia osatzen duten ur tantak zero graduan dauden altueretatik gora kokatzean izoztu eta txingor pilotak sortzen dira. Pilota hauek grabitate pisuagatik erortzen hasten dira, lurreraino. Baina badira txingor pilota batzuk beren tamainagatik atentzioa ematen dutenak.

Tamaina handiko txingorra lehenbizi tamaina txikikoa izaten da. Ekaitza gogorra bada eta goranzko eta beheranzko korronte bortitzak baditu, txingorra hodeian zehar bidaiatzen ibiliko da, eta bere tamaina handitzen. Pilota horrek goranzko korronteak eutsi ezin duen pisua izango du eta lurrera eroriko da.

Normalean, halako txingor pilotak ekaitz hodei oso altuetan (hogei kilometrorainoko altuera) sortu ohi dira, hor haize korronte bortitzak sortzeko aukera handiagoa baitago.

Badira beldurra emateko adinako neurria hartzen duten kazkabar pilotak. Esate baterako, Bangladeshen kilo batetik gorako txingorra erori zen 1986. urtean. Zehazki, 1,02 kiloko harri koskorra. Beldurgarria. Italian orain egun gutxi ere izugarriak erori ziren. Berotze globalaren ikuspuntutik, garbi dagoena da ekaitzak gero eta gogorragoak izango direla eta horrek tamaina handiko txingorra erortzeko aukera areagotuko duela.