Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Flasha

Norbaitek behin esan zidan ez duela merezi artelan ezagunak (uler bedi denetariko produktuen apaingarri gisa erabiltzen diren horiek) museora ikustera joatea. Artelana ikusi ordez, haren aurrean pilaturiko museo bisitari andanaren kameren flasharekin itsututa geratzearen arriskuaz mintzatu zitzaidan orain gogoratu ezin dudan pertsona; adin batekoa izan behar zuen dena den, kameraren flashari egindako aipamena gorabehera. Gogoan dut ere pertsona berak Da Vincirin “Gioconda” jarri zidala adibide gisa, tamainaz hain handia ez den koadroaren lilurak eragindako bisitari pilaketei konponbide bat aurkitzeko Louvreren ahalegin antzuak gogoan hartuta. «Mona Lisa ez da sekula gehiago behar den moduan ikusia izango, hau da, aurrez aurre; horra bere patua. Horixe da arrakastaren ordaina: pertsona ospetsuen antzera, agertu bezain laster denek ikusi nahi dute!», azaldu zuen Vicent Delieuvinek 2020an, urte berean zabaldu eta Da Vinciren lana ardatz zuen erakusketaren arduradunetako batek. Gaur egun selfiek ordezkatu dituzte kameren flashak. Horretaz jakitun, aipatu erakusketak “Gioconda”-n «murgiltzeko aukera» eskaini zuen, telefono mugikorrera jaitsi ahal zen errealitate birtualeko aplikazioaren bidez. Paradoxikoki, David Joselitek azaldu bezala, biek ala biek, argazkiak zein selfiak, museoaren logikari jarraitzen diote: ikusteko modu posesiboak sustatzen dituzte, hau da, artelana modu jakin batean ulertzera bultzatzen dute, aldi berean artelana esperientzia singularrak eragiteko ahalmenaz gabetuz.