Maite RAMOS FERNANDEZ eta Josu JIMENEZ MAIA
GAURKOA

Uztailak 30, Asteazken Beltza: Ijitoen Sarekada Handia

Juduak 1492an eta moriskoak 1609an egotzi eta gero, Espainiako Koroak herrialdea «garbitzeko» egin zuen operazioa izan zen Sarekada Handia, ijitoen atxilotze orokorra. Ijitoen aurkako jazarpena ez da gaur goizekoa, baina horren atalik ahalkegarriena 1749ko sarekada ikaragarri hori dugu: Espainiako monarkiak antolatu eta burutu zuen plan gupidagabea izan zen, Espainia osoko ijitoen atxilotzea eta kartzelatzea xede zuena.

Baina ijitoen diskriminazioa lehenagokoa da. Izan ere, Errege Katolikoek aldarrikatu zuten ijitoen kontrako lege bat -lehen pragmatika-, garai horretan «egipcianos» (sic) deiturikoen kontrakoa. XVI. mendean zehar pragmatikak behin eta berriz errepikatu behar izan ziren, ijitoen ohiturak eta azturak ez baitzetozen bat erregeen aginduekin; ijitoen askatasun egarriak talka egiten zuen Espainiako erregeek, bataren atzetik besteak, jaulkitzen zituzten ijitoen nortasunaren aurkako neurri eta lege errepresiboekin: caló hizkuntza eta janzkera debekatzekoa; nomadismoa eragoztekoa; tratulari, arotz, merkatari edota bestelako lanbideetan aritzeko debekua; asto, mando, behor edo zaldirik edukitzeko debekua… Are, leku batetik bestera mugitzeko agindua emateraino ere heldu zen: 1695eko Karlos II.aren errege-agindu baten bitartez, ijitoak herri jakin batzuetara biltzera behartu zituzten. Hori horrela, 1717an emandako beste errege-agindu batek 75 herri eta auzo jakinetara zedarritu zituen ijitoak. Koroaren erroldetan jasota agertzen ziren ijito sendiak non bizi ziren; bazekiten non aurkitu ijitoak.

1749ko sarekadaren planak sekretupean egin zituzten Oviedoko gotzainak eta Gaztelako Biltzarrerako buruak. Diotenez, Fernando VI. Borboikoaren kontzientzia txarra apaltzeko, Francisco Rávago erregearen aitor-entzule jesuitak plana sustatu eta sarekada babestu zuen honakoa adieraziz: «Jainkoari higuingarria eta gizakiari kaltegarria zaion arraza gaizto hau deserrotzeko proposaturiko ekinbideak primerakoak iruditzen zaizkit. Erregeak Jaungoikoari, Gure Jaunari, opari handia egingo lioke jende horretaz libratuz».

Agirietan irakur daitekeenez, «aparteko neurriak» hartzea ezinbestekoa zen «ordena publikoaren arazoak konpontzeko» -ijitoei egotzikoak- «behingoz eta betiko». Era berean, ijitoei buruzko agirietan adjektibo epitetoak honako hauek dira: «gaizkile», «errudun», «manugaitz», «lege-hausle», «galgarri» eta «makurra».

Fernando VI.ak sarekada agindu eta Ensenadako markesak antolatu zuen, eta 1749ko uztailaren 30ean, asteazkenarekin, erresuma osoan zehar eta leku guztietan aldi berean martxan jarri zen polizia operazio zabala Espainiako Armadaren parte hartze zuzenarekin. Ijitoen bizilekuetara soldaduak bidali zituzten, aurretik komandanteek bakarrik ezagutzen zituzten jarraibide sekretuekin. Agintarien esanetan «jendaila doilor eta zital hori» bizi zen hiri, herri eta auzoak inguratu eta gero, soldaduek gizonezko ijito heldu guztiak eta 12 urtetik gorako mutilak atxilo hartu eta Itsas Armadako armategi, meategi, espetxe edo lantegietara igorri zituzten bortxazko lanak eginarazteko. Izan ere, Ameriketatik ekartzen zen zilar piloa merkurioz edo zilarbiziz tratatu behar zen eta Almadén-eko meategietatik zilarbizia erauztea gogorra zen oso. Hara eraman zituzten Sevillan atxilotutakoak, adibidez, meategietako langileak kenduz eta ijitoak esklabo modura erabiliz. Beste alderdietan gatibu hartutakoak, batzuk El Ferrol-era; beste batzuk Cartagenara eraman zituzten.

Emakumeak eta ume txikiak, berriz, Malagara edota Valentziara eraman zituzten. Pragmatika horretan bada emakumearen kontrako bortizkeria erantsiaren adibide lazgarri bat, idatziz jasoa: «Arreta berezia jarriko da emakumeak atzeman eta harrapatzeko, eginbide hori oso egokia baita hain garrantzitsua den probidentzia honek duen xedea erdiesteko, Erresumaren lasaitasunari begira».

Eta zer egin bidaiatzeko gaixorik edo ahulegi zeuden ijitoekin? Soldaduen kontrolpean utzi zituzten, sendatu arte edo «kristau heriotza» izan arte; irakurle zoliak egin beza kontu.

Gainera, Fernando VI.ak bazuen Aita Santuaren bulda bat, elizetan ijitoek aterpe ez izateko legezko abisu berezi bat, elizetan eta komentuetan errepresiotik ihesi babesa hartua zuten ijitoak atxilotzeko soldaduei bidea ematen zien ediktu bat, elizak babesleku eta gordeleku ustez urratu-ezinak izanik ere, apaizen harridura eta haserrea gorabehera. Soldaduen gehiegikeriak ez ziren gutxi izan, baina egun horretan hiru ijito hil omen zituzten «bakarrik», Sevillatik Cartujarako bidean ihesi zihoazenak, orduko bertsio ofizialean jaso zen modura, «konfrontazio» batean.

Operazioa biribiltzeko, ijitoen etxeak, lanabesak, abereak eta bestelako ondasunak bahitu zituen Errege Koroak… baina ijitoen mantenua ez zuen Koroak bere gain hartu nahi izan, eta ijitoek beraiek behar zuten erdietsi bizitzeko lain… Orduz geroztik gosez eta gosearen ondoriozko gaixotasunez hildakoak ez ziren hiru bakarrik izan, segurki. Esan gabe doa, Espainiako Koroaren atzapar errepresiboak Hego Euskal Herrian ere jo zuen, eta Oiartzunen hamaika lagun atxilo hartu eta Tolosara eraman zituzten.

Espainiako testu liburuetan agertzen ez den eta eskolan irakatsi ez ziguten razzia ahalkegarri horren hasierako egunari Asteazken Beltza deritzo: 12.000 ijito inguru atxilotu zituzten; emakume eta gizon, gazte eta zahar, soilik ijitoak izateagatik, Borboi etxeko Fernando VI.aren onerako eta onurarako, Eliza Katolikoaren bedeinkapenarekin.

Alabaina, ijito guztiak espetxeratzeko planak porrot egin zuen. Izan ere, planak arrakala handi bat zuen: pragmatikak eta legeak betetzen zituzten ijitoak, erroldan zeudenak, atxilotu zituzten, baina ijito nomadak, erroldan ez zeudenak edo leku batetik bestera ibiltzen zirenak, askoz zailagoa zen atxilotzea; horri esker Espainiako soldaduen atzaparretatik libratu ziren.

Milaka ijito deportatu, gatibu, bortxazko lana egitera behartuta, zigortuta, zaurituta eta hilda… Besteak beste, Caló kulturaren eta hizkuntzaren atzerapauso handia ordukoa da, eta, bistan da, ez da kasualitatea, kausa baizik. Erromintxelak, ijito euskaldunen mintzaira bereziak, gibelera egin zuen orobat.

Endlösung -Endlösung der Judenfrage- edo nazien «Azken soluzioa» ospetsuaren aurrekaria, Espainian. 1749ko uztailak 30, gogoan gordetzeko data: Azteazken Beltza.