GARA Euskal Herriko egunkaria

Euliak hartu?


Hegan doan eulia hartu edo harrapatu egiten da? Geldirik dagoen zerbait esku artean har dezakegu, baina mugimenduan denean aditz bera erabili behar da? Atal honetan idazten hasi nintzenean “olatua harrapatu” idazten nuen, baina aldatu behar izan nuen Euskaltzaindiaren arabera forma zuzena “hartu” delako. Surflariek hitz egiten duten modua ahaztu eta nola hitz egin behar duten esaten duten arauak jarraitzen ikasi behar izan dut. Alderantziz beharko luke, errazagoa baita jada hitz egiten den modua oinarri hartzea, jendeari gaizki ari dela eta hitz egiteko modua aldatzeko eskatzea baino, baina arauak ezinbestekoak dira.

Forma zuzena ikasi eta ahalik zuzenen idazten saiatzen naiz; beraz, muga bakarra nire gaitasun eskasak ezartzen dit. Sarri, esan nahi dudana azaltzeko kakotxak erabiltzen ditut, forma zuzenak adierazi nahi dudana ez duela behar bezala irudikatuko uste dudalako. Erdarazko esamoldeak ere erabiltzen ditut, kakotx artean. Gainera, maiz esan nahi duguna ingelesez, frantsesez edo gaztelaniaz hobeto adierazten da.

Aitzitik, olatuak hartu egiten direla esan beharrak behin eta berriz hasierako abiapuntura eramaten nau, ados ez egon arren onartu behar dut, baina ez naiz ohitzen. Tira, esan nahi dudana da surflariak ez duela estatikoa den zerbait hartzen, mugimenduan den energia bat baizik. Bere bidea egiten ari den energia hori antzematea lortzen ez badu, ihes egingo dio eta energia horrek bere bidea egingo du, lur hartu arte. Olatuak estatikoki ikusteko ikuspegi hori ez da, ordea, hizkuntzan bakarrik islatzen, baita egungo surfa ulertzeko moduan ere. Metafora bat da. Bi ikuspegi hauek egiten dute surflarien ateko oinarrizko bereizketa. Ez naiz behar bezala azaltzeko gai, baina funtsezkoa da. Beste hizkuntza batean idazten hasi beharko dut.