GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Zilindrada handiarekin luzean ere eusteko gai direla erakutsi dute

Elordi-Albisuk partida hasiera oso ona izan zuten eta, gauzak zuzen eta ausardiaz eginez, 12-5 ere aurreratu ziren, baina azkenerako nahiko hotz hasi ziren Ezkurdia-Mariezkurrenaren potentzia nagusitu zen Lekunberriko partida lehiatuan.

Azkenerako huts batzuk pilatu bazituen ere, Jon Ander Albisuk partida ona jokatu zuen Mariezkurrenaren aurka. (Iñigo URIZ | FOKU)

Gaur amaituko da Mastersaren hirugarren jardunaldia Laudion, baina dagoeneko iazko bi bikote finalistak hasiak dira sailkapenean lehen aldeak irekitzen. Hori bai, ostiralean Altuna-Imazek Oiartzunen bezala, Lekunberrin Ezkurdia-Mariezkurrenak, lana beltz eginda, oso maldan gora zuten partida bat irauli behar izan zuten, azken hatsean Elordi-Albisuri tanto bakarraren aldeaz irabazteko. Zilindrada handiko bikotea osatzen dute bi nafarrek, bidea garbi izanda partida segundo oso gutxitan hausteko modua duten horietakoa, baina atzo fidagarriak eta luzean jarduteari beldurrik ez diotenak direla erakutsi zuten, partida gogortu zenean aurkariak baino sendoago aritu zirelako.

Lehen jardunaldian Elizondon garaipenik bildu ezinik aritu ostean, nahiz eta pronostikoak aurka izan, Elordi eta Albisu oso entxufatuta irten ziren Jayan Jai pilotaleku berezira. Elordik argi zuen ezin ziola Mariezkurrenari eroso jokatzen utzi eta, saketik hasita, aurkariak kantxan ibilarazi zituen, lehen pilotakada etengabe aldatu edo, ahal zuenean, errematera zorrotz sartuta. Atzean, ataundarrak behar zuen halako partida bat, noren eta gaur egun enpresan atzelarien artean lehen postua kendu dion gaztearen aurka. Eta oso txukun aritu zen. Normalean defentsan aritzea egokitu zitzaion, baina pilotarik entregatu gabe eta tarteka pilotakada bikainak luzatuz, 8-3koan jotako errebote garbia lekuko.

HASIERA EPELA

Urdinen hasiera, ordea, nahiko epela izan zen. Gaizki aritu gabe, Ezkurdiari kosta egin zitzaion aurrean zuloak ikustea, nahiz eta boleakada latz batzuk eman eta Berriozarkoak ere ez zuen beste batzuetan egindako zuloak irekitzerik izan, hein handi batean ataundarra oso ondo aritu zelako defentsan. Gauzak horrela, 8-3koan lehen aldiz dirua euren alde jarri zuten eta lehen atsedenaldi luzera partidako alderik handienarekin heldu ziren (12-5).

Aldageletatik bueltan, ordea, gauzak errotik aldatu ziren. Lekunberrikoa pilotaleku berezi samarra da, bizkorra, eta jartzea pixka bat kostatu bazitzaien ere, poliki-poliki egungo txapeldunak euren potentzia balorean jartzeko gai izan ziren. Atzean Jon Mariezkurrenaren nagusitasuna gero eta handiagoa izan zen eta Joseba Ezkurdia ere bere erremateak kalibratzen joan zen, erasoan mina eginez. Hamabosnakoa izan zen partidako lehen berdinketa eta, gorriek berriro bi tantotako aldea hartu bazuten ere, nafarrak izan ziren bigarren atsedenaldira aurretik sartu zirenak (17-18), Albisuk jotako txapa pare bat ere alde izan zituztela.

Partida luzatu eta orekatu egin zen azken txanpa horretan eta, piloteoan nagusitasuna nafarrena izan bazen ere, edozein aldetara erori ahal izan zen garaipena. Hori bai, azkenerako pilotalekuari neurria hartu zion Jon Mariezkurrenaren eskuinkadak erabakigarriak izan ziren.

BERRIRO KONTRA

Elordi eta Ezkurdia berriz ere elkarren aurka ariko dira gaur Azpeitian, baina arbizuarrak atzelari jokatuko du Altunarekin.