GARAZI CASTAÑO
DONOSTIA
Interview
MAITANE GARTZIANDIA
Marrazkilaria

«Nahi duzun hori nabarmentzeko aukera ematen dizute irudiek»

Emakume bertsolarien arteko saretzea eta elkarlaguntza keinu txiki-handietan dagoela ikusarazteko helburua du “Ño” komikiak. Eli Pagolak, Miren Artetxek eta Maitane Gartziandiak sei eskuz ondu dute. Eta ez dute hitz, ekintza edo errima potolorik erabili. Gartziandiaren (Hernani, 1990) arkatzek umore tintaz koloreztatutako hamar pasarte irudikatu dituzte.

(Gorka RUBIO | FOKU)

Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritza ikasi zenuen, eta ostean Emakume, genero eta herritartasun ikasketen masterra Bartzelonan. Diseinua ez dago marrazkitik batere urrun, noski, baina noiz eta nola hasi zinen ilustratzen?

Uste dut marrazkilari gehienok berdina erantzuten dugula, guk ez diogula inoiz marrazteari utzi. Gogoratzen dut hasieran lehiaketetan parte hartzen hasi nintzela, nire kabuz hasi nintzen batez ere. Enkargu txikiak iritsi ziren gero, fanzine batean kolaboratu nuen, adibidez. Gehiena lan txikiak izan dira: Euskal Herriko Bilgune Feministarentzat, euskal hedabide txikientzat… Pixkanaka hasi nintzen.

Orain “Argia” hedabideko diseinatzailea zara. Zure eskuetatik pasatu arte ez da ezer bidaltzen inprimategira. Lan ikusezina al da?

Beste lan batzuetan bezala, esango nuke. Gure kasuan, hedabide bat izanda, kazetarien lana da ikusgarriena. Baina argazkilariarena, administrazio lanetan ari denarena, inprimategikoa… horiek ere ikusezinak dira, baina lanaren beste zati bat da. Kazetariena, ikusgarriagoa den heinean, ardura handiagoarekin biziko dutela pentsatzen dut. Nire kasuan, ni erosoago nago leku horretan.

Gurea katearen azken fasea da. Nire eskuetatik pasatzen da eta ondoren inprimategira doa. Berezitasuna: gugana datozenean, jendea larritasun handiagoarekin datorrela. Normalean inprimategiak ‘jaten’ ditu epe motzenak. Ikusezina, beraz, baina beharrezkoa.

Eli Pagolarekin eta Miren Artetxerekin batera aurkeztu berri duzu ‘Ño’ komikia. Hala ere, ez da komikigintzan duzun lehen esperientzia.

Aurretik lan motzagoak egin ditut. ‘Gaztezulo’n kolaboratu nuen, Axpi marrazkilariarekin batera. Mari Luz Estebanen olerki batzuetatik abiatu ginen. Garrantzitsuena, baina, Tupust! elkartea izan da. 2016an sortu genuen komikigile talde batek. Asmoa antologia batzuk publikatzea zen, hainbat kolaboratzailerekin. Bi liburu argitaratu ditugu eta hirugarrenarekin ari gara. Hori izan da nire kontaktu zuzenena komikiak marrazten.

Oraingoan bertsolariekin lan egin duzu. Iruñean 2021ean egindako Biko-Teka tailerrean ekin zenioten proiektuari. Nondik atera zen ideia?

Mireni hark idatzitako artikulu bati tiraka komiki bat egiteko proposamena luzatu zioten (Bertsozale Elkarteak), baina, pandemia dela-eta, bertan behera gelditu zen. Ostera, Mirenek nirekin hitz egin zuen, gogoz ginen, eta Eli ere batu zen proiektura. Biko-teka ikastaroa urtarrilean izango zen, eta pentsatu genuen ideia ona zela hirurok astebete elkarrekin hartzea. Oraindik ez genekien zer kontatuko genuen, beraz bertan ideiari forma eman eta gidoia gutxi gorabehera zehaztu genuen.

Eta horren ondoren marrazkiekin jarraitu zenuen zuk?

Lan egiteko modua nahiko berezia izan da. Normalean testuak jasotzen dituzu eta horietatik abiatuta marrazten duzu. Kasu honetan hiruok egin genuen gidoia. Haiek ideiak botatzen zituzten bitartean, nik zirriborroak marrazten nituen. Oso desberdina da. Nik irudiekin pentsatzen dut, haiek testuekin. Baina hiruren konbinatzea garrantzitsua da, gero forma emateko. Behin nik marrazki definitiboak egindakoan, Elik eta Mirenek testuak jarri dizkiete. Eta pixkana osatu dugu, zatika.

Hamar pasartez osatutako komikia da. Zer kontatzen dute istorioek?

Iruñean bildu ginenean, erabaki genuen tonua umoretik joango zela, oso argi genuen hasieratik. Eliren eta Mirenen esperientziatik abiatuta, emakume bertsolariek beraien artean konplizitatea adierazteko erabiltzen dituzten estrategiak edo keinu txikiak irudikatzea pentsatu genuen. Eszena xinpleak dira, saioen bueltan gertatzen direnak, baina oso garrantzitsuak. Bertsotan baino, denbora gehiago pasatzen baitute elkarrekin auto bidaia batean, saio baten aurretik edo ondoren. Une horietako batzuk hautatzea eta irudietara eramatea erabaki genuen, argazki tankeran ia. Eszenak oso deskriptiboak dira.

Ilustrazioak erraztasunak eskaini ditzake keinu txiki horiek adierazteko.

Bai. Irudiek nahi duzun hori nabarmentzeko edo zoom moduko bat egiteko aukera ematen dizute, fotograma desberdinak aukeratzeko. Baita jolasteko ere. Hasietatik garrantzia eman diegu gorputzari edo aurpegiei. Horrek du batez ere presentzia liburuan. Bertsotan egitea ariketa mental moduan dugu, baina gorputza jartzen dute jendaurrean. Eta garratzi handia du: guk zer transmititzen dugun, aldamenekoek guri zer…

Espero ez zitezkeen bi kontu egin dituzue. Lehena, zuk normalean ez duzula koloretan ilustratzen, baina oraingoan bai. Zergatik?

Hasieran zuri-beltzean egiteko asmoa nuen, normalean horrela lan egiten dudalako, arkatzarekin eta abar. Baina biltzen hasi ginenean segituan hartu nion tonua. Umoretik zihoan, oso alaia zen... Segituan erabaki nuen koloretsua izango zela, eta gero ez nion buelta gehiago eman. Banekien erronka izango zela niretzat, baina gustuko dut lan berriekin teknika berriak frogatu eta gauza desberdinak egitea.

Eta bigarrena: gidoia bi bertsolarik idatzi duten arren, ez da bertsorik agertzen.

Saioen bueltan gertatzen diren gauzak irudikatu nahi genituenez, bertsoari ez diogu hainbesteko pisurik eman. Asmoa beste egoera horiek irudikatzea zen, eta ez bertsoetako uneak, horiek kontrolatuagoak baitira. Beste guztiak denbora gehiago hartzen du.

Bertso mundua ez da hain handia... Korapilorik sortu al zitzaizuen jendeak pertsonaiak identifikatzeko aukerarekin?

Ni argazki errealetatik abiatzen naiz marratzeko, eta kasu honetan bertsolarien argazkiak ere erabili ditut. Asmoa ez zen pertsona konkretu batzuk irudikatzea; zerbait orokorragoa eta koralagoa da. Beraz, ez diogu garrantzirik eman. Egia da batzuk identifikatzen direla (barreak), esan izan didate. Espero dut identifikatzen den horri gustatuko zaiola. Egia da mundu txikia dela eta oso erraza dela aurpegia jartzea, baina guk hortik aldendu nahi genuen.

Badago, ordea, ezagutu dezakegun pertsona bat: Joxe Antoni Aranberri Petriarena, «Xenpelar». Zergatik erabaki zenuten iraganeko pertsonaia bat txertatzea?

Hori ere nahiko azkar erabaki genuen. Pertsonaia historiko bat sartu nahi genuen, kontrapuntua egiteko. Batzuetan ematen du gu garela lehenak protesta egiten... Elik eta Mirenek segituan bota zuten Joxepa Antoniren izena. Nik ez nuen ezagutzen, Errenteriako bertsolari bat zen, Xenpelarren segidakoa, 1865ean jaiotakoa eta fabrikako langilea. Normalean baserri giroarekin lotzen dugu bertsolaria, eta bera kalekoa zen. Erabaki genuen denboran salto egitea, Joxepak egungo bertsolariei errieta egiteko edo xaxatzeko. Hasieran bera ere marraztea zen asmoa. Baina zaila egiten zitzaidan saltoa nabarmen gelditzea. Azkenean argazki muntaiak egitea erabaki genuen. Joxeparen argazki bakarra genuen, eta grazia egiten zigun meme moduko batzuk sortzea bere aurpegiarekin.

Argazki bakarra izanda, lana pixka bat konplikatuko zitzaizun.

Bai, argazki bakarra lortu genuen eta ez zen erraza izan. Liburu baten bidez lortu genuen. Beste argazkiak artxiboetatik lortu ditugu: Errenteriako argazkiak, bertso saioetako argazki zaharrak… Bilaketa lana egin eta gero, sei hautatu genituen. Polita iruditzen zitzaigun normalean gizon bertsolariekin ikusi ohi ditugun argazki historikoak emakume baten aurpegiarekin ikustea. Edo bestelako eszena batzuk irudikatzea, hain jendaurrekoak ez direnak; emakumeak etxe barruan kantuan, adibidez.

Zein izan da zuretzat lan honetako erronkarik handiena?

Inoiz ez nuen halako lan luzerik egin. Ohituta nago emaitza oso azkar ikustera, nahiko inpazientea naiz eta azkar bukatzea gustatzen zait. Banekien luze joko zuela eta pazientziarekin hartu behar nuela. Beldurra ematen zidan, baita ere, uniforme ez gelditzea, marrazteko modua asko aldatzen baita urte batetik bestera. Baina ez da gertatu. Nahiko ondo joan da.