I.S.
DONOSTIA
OBITUARIOA [ JON ETXABE GARITAZELAIA ]

Preso izan denak beti gogoan ditu atzean utzi dituen anai-arrebak

(Juan Carlos RUIZ | OKUF)

Apaiza izandakoa; familia euskaldun bateko semea; baserri girokoa; kultura handiko pertsona; lehendabizi laguntzaile aritu zena eta ondoren ETAko kide bihurtu zena; basatiki torturatua; eternitate bat kartzelan pasatzera kondenatua; Elizarekin talka egin zuena; militantziako lagun batekin maitemindu eta bizitza elkarrekin egindakoa; kalera atera eta herriarekin konpromisoa mantentzen duen horietakoa. Alegia, militantea.

Bere biografiari begiratuta, honelakoa zen Jon Etxabe Garitazelaia, eta honelakoa izan da berarekin gaztaroa eta borrokak konpartitu dituen belaunaldi osoa. 90 urterekin hil da Etxabe eta, ondorioz, azken mendeko Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokaren lekuko izan da.

ETXETIK SEMINARIORA

Mispillibar Altzola auzoan dago, Elgoibarren. Etxean jaso zuen euskara Etxabek. Bere aita hangoa zen, «jeltzalea» eta «langilea», «jantzia». Ama, aldiz, Zaldibarkoa zen. Hauek guztiak azaltzen dira Mikel Asurmendik “Argia” astekarian egin zion elkarrizketan.

Seminarioan sartu zen 13 urterekin eta Saturraran, Gasteiz eta Donostiako apaiztegiak ezagutu zituen. Filosofia eta humanitateak, eta teologia ikasi zituen. 25 urte zituela, Eskoriatzako Marin auzora apaiz bidali zuten, eta bost urte igaro zituen han.

ETAKOAK SEAT 600EAN

Gero bere bikotea izango zen Maria Luisa Ruiz Aranak mesedea eskatu zion: bere lagunak, ETAkoak, Eibartik Arrasatera eramatea, zozketa batean irabazi zuen Seat 600 kotxean.

Jokin Gorostidi, Xabier Larena, Unai Dorronsoro eta Teo Uriarte eraman zituen. Ondoren, Txabi Etxebarrieta ere eramango zuen.

Hura Benta Haundin hil eta gero, Polizia atzetik zutela, Ruiz Aranarekin batera klandestinitatera igaro zen.

ATXILOTU ETA BURGOSERA

Atxilotu eta torturatu zuten lagun batek beren gordelekua bota zuen, han inor ez zegoela sinetsita. Mogrovejon, Jon Etxaberekin batera atxilotu zituzten Ione Dorronsoro, Enrike Gesalaga eta Teo Uriarte.

Jokin Gorostidi, Itziar Aizpurua, Julen Kalzada, Arantxa Arruti eta Antton Karrerarekin batera, besteak beste, Burgosko prozesuan epaitu zuten. Bertan, 50 urteko kartzela zigorra jaso zuen Etxabek. 7 urte Zamorako apaiz kartzelan egon zen -garai hartakoak dira “Zamora landan” liburuko memoriak-. Burgos, Cartagena eta Carabanchelen ere izan zen, eta beste bat Lleidan igaro zuen, Miracle komentuan preso. Bere kontakizuna “Ametsen Liburua”n ere bildu zuen

Garai horretan bikote egin ziren Etxabe eta Ruiz Arana. Lehendabizi Eibarren eta gero Etxarri Aranatzen bizi izan ziren.

BORROKA ARMATUA

Troskista izanik, ETA VI.aren alde egin zuen Etxabek. “Argia”ko elkarrizketan borroka armatuari buruzko gogoetak egin zituen. Indarkeriaren eta Elizaren arteko harremanaz, adibidez. Baita frankismoan hartutako erabakiez ere. «Estatua gainditzeko aukera hori ez dut behin ere ikusi, baina borroka armatuak herrian eragin handia izan duela onartzen dut».

«Moralistek esanen dute indarkeria zilegi den ala ez, baina iritzion gainetik dago historia» zioen, blogean.

ARGENTINAKO KEREILA

2013. urtean bideokonferentzia bidez Maria Servini magistratuaren aurrean deklaratu zuen Etxabek, Argentinako Enbaxadatik. Hango kereilaren epailea zen Servini, 36ko Gerran eta diktaduran egindako genozidioarengatik eta gizateriaren aurkako krimenengatik. Blogean, berriz ere, honela mintzo zen: «Ezinezkoa da inpartzialtasuna historiaren kontakizunean. Gehienetan atzerakoien pozoia eraman ohi du».

MILITANTEAK

«Gu militante-militante izan ginen. (…) Nire borroka presoena izan da. Lehenengo Senideak-en, gero Etxerat-en...». Honela ikusten zuen bere burua Etxabek. Honela bizi izan zen eta honela hil da.