GARA Euskal Herriko egunkaria

Poetak


Oso gutxitan musikatu dut beste inork idatzitako poema bat. Alde batetik, alferkeria da; ez zait amaitu, zorionez, neure buruarentzat hitzak idazteko etorria. Bestetik, errespetuaren ondorioa da; erreparoa ematen dit beste batek idatzitako testu literario horien tamainako janzkera musikala eraikitzeak. Aurrekari ugari dago; zenbat hitz eder galdu dira kantu txar baten mesedetan, eta zenbat melodia bikain bihurritu ditu, itotzeraino, idazleren baten mamiz betetako esaldi jostalariei lekua egin beharrak. Horregatik, proposatu zidatenean beste idazleren baten testutik abiatuta kantu bat egitea, tentuz hartu nuen enkargua.

Erdi gremiokoa naizenez, esan dezaket idazleek nahikoa lan badutela zeresana eta hitzak bilatzen, orrazten, zenbait irizpide ideologiko-estetikoen arabera lantzen, eta lanari biribiltasuna ematen, bidean adierazkortasunik eta mamirik galdu gabe. Gainera, hizkuntza musikalari, pop kulturari eta entretenimenduaren industriari kasu egiten ibiltzeko. Zorionez, literatura, besteak beste, erritmoa ere bada, eta badira “musikalagoak” diren testuak. Horrelako baten bila usnatzen hasi nintzen (zerriak trufaren bila nola), eta bai topatu nituen bizpahiru, eta horietatik 3 minutuko kantu “arin” bat bihurtzeko egokiena aukeratu nuen. Baina, hala eta guztiz, bi aste daramatzat poemarekin prozesu dialektiko-musikalean, eta oraindik ezin esan kantua pubertarora iritsi denik. Idazleen elkarteari pasatuko dizkiot kafearen eta parazetamolaren fakturak.