GARA Euskal Herriko egunkaria

Safronov kazetariari ezarritako 22 urteko zigorra berretsi dute


Errusiako Auzitegi Gorenak atzera bota zuen atzo Ivan Safronov kazetariak aurkeztutako helegitea. Aurretik 22 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten NATOren alde ustez espioitza egiteagatik eta azken erabaki honekin kondena berretsi egin dute epaileek.

Epaiketa ateak itxita egin zen, kasuan erabili ziren sekretupeko gisa sailkatutako agiriengatik.

Safronovek Telegramen duen laguntza-talde baten arabera, kazetaria ez zuten Auzitegi Gorenera eraman, Siberiako kartzela batean baitago. «Bideokonferentzia bidez ere ez zuen parte hartu, argitu ez ziren arrazoiengatik», adierazi zuten ekintzaileek.

Errusiako justiziak 22 urteko kartzela-zigorra ezarri zion irailaren 5ean Safronovi, epaileek «goi mailako traizioagatik» errudun jo zutelako. Fiskaltzak 24 urteko zigorra eskatu zuen.

Safronovek “Vedomosti” eta “Kommersant” egunkari errusiarrentzat lan egin zuen eta Roscosmos Errusiako espazio-agentziako aholkulari ohia da.

2017an Txekiako ordezkari bati informazio sailkatua ematea leporatu zioten, Errusiak Afrika eta Ekialde Ertaina armaz hornitzeari buruzkoa. Ikertzaileen arabera, Estatu Batuetako ordezkariek jaso zuten informazio hori.

Espetxean hiru urte daramatzala, Safronovek akusazioa erabat ezeztatu eta errugabetzat jo zuen bere burua. Bere familiari, lagunei eta herritarrei zuzendutako gutunetan, kazetariak «zentzugabetzat» jo zituen bere kontrako salaketa guztiak.