Jon ORMAZABAL
REALA

Andre Silva: «Helburuak gero eta handiagoak izan daitezen nator hona»

Aurrelari portugaldarrak Leipzigek utzita jokatuko du Imanolen aginduetara. Talde txuri-urdinak jokalaria erosteko aukera izango du denboraldiaren bukaeran. Jokalaria pozarren agertu da, eta Donostiara etortzea «eman nahi nuen urratsa» zela esan du.

Andre Silva Anoetan izan zen atzo.
Andre Silva Anoetan izan zen atzo. (REAL SOCIEDAD)

Zelaian beste zeregin batzuk izango dituen arren, Silva batekin, Andre, ordezkatu du Realak beste Silva batek, Davidek, utzitako zuloa. Beste modu batera begiratuta, talde txuri-urdinak Sorlothen jatorrizko taldera jo du norvegiarraren golak ordezkatzera; eskandinaviarra bezala, Leipzig talde alemaniarrak utzita etorri da eta aurrelari portugaldarra Donostiara, hark bezala, taldeek aditzera eman ez duten erosteko aukera batekin.

Postu berean jokatzen duten arren, aurrelari desberdinak dira portugaldarra eta norvegiarra; errematatzaileagoa iberiarra -Eintrachekin denboraldi batean 28 gol sartzera heldu zen-, mugikorragoa, indartsuagoa Sorloth. Anoetan egindako lehen adierazpenetan, pozarren agertu da Silva, Realera heltzea, «eman nahi nuen urratsa» dela nabarmenduz.

«Helburuak gero eta handiagoak izan daitezen nator Realera. Badakit azkenaldian lortutakoarekin jendea oso pozik dagoela, baina nire energiarekin are eta gehiago egon daitezen saiatuko naiz», esan zuen Realaren elastikoa jantziko duen zortzigarren futbolari portugaldarrak.

Hori bai, maiatzean min hartu zuenetik taldean entrenatu gabea da. «Ahalik azkarren osatuta egoteko lanean ari naiz eta dena emango dut taldera ahalik indartsuen itzuli, denak ezagutu, entrenatzailearen ideiak barneratu eta aurrera egiteko», gaineratu zuen, momentuz, Realak kurtso berriari begira egindako azken fitxaketak.