GARA
SANTIAGO DE COMPOSTELA
HAUTESKUNDEAK

Hizkuntzen auzia Moncloako negoziazioetan egotea eskatu dute

Santiago de Compostelan hizkuntza gutxituei buruz egindako mahai ingurua, uztailaren 25ean, Galiziako Nazio Egunarekin.
Santiago de Compostelan hizkuntza gutxituei buruz egindako mahai ingurua, uztailaren 25ean, Galiziako Nazio Egunarekin. (KONTSEILUA)

Uztailaren 25ean, Galiziako Nazio Egunarekin, eta Estatu espainolean hauteskundeak burutu berriak zirela, hizkuntza gutxituen egungo egoerari eta normalizazioan aurrera egiteko egiten ari diren ekintzei buruzko mahai ingurua egin zen Santiago de Compostelan, Kontseiluak ohar batean aditzera eman duenez.

O Festigal jaialdiaren egitarauan txertatuta, galizieraren aldeko A Mesa pola Normalización Lingüística erakundeko presidenteorde eta Observatorio de Dereitos Linguísticos-eko zuzendari Elsa Quintasek moderatu zuen eztabaidan izan ziren Idurre Eskisabel, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia; Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusi ohia; eta Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren sustatzailea, Marcos Maceira A Mesa pola Normalización Lingüísticako presidentea; eta, katalanaren aldeko mugimenduaren ordezkari gisa, Francesc Marco Plataforma per la Llenguako idazkaria eta Anna Oliver Acció Cultural del País Valenciáko presidentea.

Kontseiluak azaldu duenez, «mahai inguruak balio izan zuen hizkuntza eremu bakoitzeko egoeraren eta hizkuntza politiken ikuspegitik batak besteari bere errealitatearen berri emateko, elkar ezagutzeko eta ezagutzak elkarrekin trukatzeko. Bakoitzak berea eman arren, atera ziren amankomuneko egoera partekatu batzuk. Bereziki aipatu zuten berezko hizkuntza gutxituen normalizazioaren aurkako Estatu espainolaren oldarraldia, dimentsio anitzekoa, baina une honetan formarik indartsuena oldarraldi judizialean daukana. Erakunde guztiek kezka azaldu zuten oldarraldi judizialaren aurrean, normalizazioaren bidean oztopoak eta atzerapausoak eragiten» ari delako.

BESTELAKO JARRERA ETA POLITIKA BATZUK

Egoera hori izanik ere, hizlari guztiek bat egin zuten «hauteskundeen osteko abagune politiko honetan hizkuntza auzia eztabaidaren erdigunean» jartzeko eta abagune hau Estatuari gutxieneko bermeak eskatzeko baliatu behar dela, «zehazki, berezko hizkuntza gutxituen normalizazio eta biziberritze prozesuaren bidean aurrera egiteko behar diren politika publikoak egikaritu ahal izateko, bestelako jarrera eta politika batzuk bideratzea bermatuko dutenak». «Espainiako Gobernu berria osatzeko negoziazioek aukera ezin hobea ekar dezakete hizkuntzen auzia erdigunean kokatzeko», ondorioztatu dute.

Zentzu horretan, aurreko legegintzaldian berezko hizkuntza gutxituetako eragileek legez besteko proposamen baten bueltan mahai gainean jarritako zenbait gutxieneko gogora ekarri zituzten.

Hartara, ezinbestekotzat jo dute «berezko hizkuntza gutxitu guztiek beraien lurralde guztietan ofizialtasuna izan dezatela; Estatuko administrazio periferikoan eta Justizia administrazioan iraulketa bat egotea, Europako Kontseilutik ere datorren eskaria baita; eta ikus-entzunezkoetan euskararen eta hizkuntza gutxituen presentzia handitzea, bereziki streaming bidezko nazioarteko plataformetan eta haurrei zuzendutako edukietan».

Laster abiatu beharko diren Gobernu espainol berria osatzeko elkarrizketetan «negoziaziorako gai edo elementu bihurtzeko» eskaria egin diete alderdi politiko guztiei.

«Ezin da gertatu, berriz ere, beste lau urtez hizkuntza gutxituen eta beraz hizkuntza eskubideen afera negoziazioetatik kanpo gelditzea», ohartarazi dute.

ESKUIN MUTURRAREN GORALDIA

Era berean eskuin muturraren goraldia hizpide izan zuten Galizian bildutakoek. Nabarmendu zutenez, «fenomenoa ez da Estatu espainolean soilik gertatzen ari, baizik eta Europan eta mundu osoan hedatzen ari den joera globalizatu moduan aztertu behar da».

Mahai inguruan parte hartu zuten eragileen iritziz, «joera horrek gizarteko marko politikoak eskuinera lerratu ditu politika publiko guztietan, baita hizkuntza gutxituenen kasuan ere, eta, beraz, gutxiagotutako hizkuntzen kontrako jarreren hedapena».

Testuinguru horretan, berezko hizkuntza gutxituen aldeko borroka ezinbestekotzat jo dute, «mundu justuago eta bizigarriago baten aldeko bidean». Ondorioz, noranzko horretan lan egiten duten eragileak ezinbesteko aliatutzat jo zituzten.