GARA
MADRIL

U23aren aurretik 10etik 9k Feijoo presidente izango zela uste zuten

Alberto Sanchez Feijoo PPren hautagaia, uztailaren 25ean Compostelan.
Alberto Sanchez Feijoo PPren hautagaia, uztailaren 25ean Compostelan. (Cesar ARXINA | EUROPA PRESS)

Uztailaren 23ko emaitzak ezustekoak izan ziren askorentzat. Baita inkestak egiten dituzten aditu eta enpresentzat ere. Hori baieztatzen du CIS soziologia institutu espainolak egin duen azken ikerketak. Bere lana askotan zalantzan jartzen den zentro honen arabera, Estatu espainolean hamar herritarretik bederatzik argi zuten PP Gobernura iritsiko zela, bakarrik edo Voxen laguntzarekin.

Datu horiek hauteskundeen aurreko astean boto joera aztertzeko egin zen ikerketan jasotzen ziren. 27.000 lagun elkarrizketatu zituzten inkesta horretan.

Horrekin batera, uztailaren 17tik 22ra egindako galdeketaren arabera, hamar lagunetik bost Feijoo presidente berria izango zelakoan zeuden. Sanchezen alde hamarretik hiruk soilik egiten zuten. Dena dela, astean zehar Sanchezek gora egin zuen eta Feijook, berriz, behera.

Gauza bat usteak eta beste bat desirak dira. Honi buruz ere galdetu dute CISek egindako galdeketan. Kasu honetan, Sanchez gailendu zen %36arekin. Feijook, berriz, %28,7a baino ez zuen lortu.

POSTA BIDEZKO BOTOA

Postaz bozkatu zuten lagunei noren alde egin zuten ere galdetu zien CISen inkestak. Galdetutakoen erdiek baino gehiagok bloke aurrerakoia delakoaren alde egin zuten; zehazki %30,9k PSOEren alde eta %20,6k Sumar koalizioaren alde. Horiekin batera, %26,3k PPren alde egin zuten eta %7,8k, Voxen alde.

Posta bidez emandako botoa eta boto-asmoa batzen badira, hauteskundeen aurreko astean PSOEk sostenguen %28,3 zituen. PP, berriz, %24,8an gelditu zen. Sumar hirugarren indar gisa azaltzen zen %14,1ekin eta atzetik Vox kokatzen zen, laugarren, %9,4rekin.

Datu hauek, orokorrean, bat datoz CISek berak argitara eman zuen azken zundaketarekin. Inkesta hau izan zen bakarra bloke progresista delakoak eskuinaren erasoari aurre egingo ziola aurreikusten.

Hauteskundeen emaitza ofizialen arabera, azkenean, hautesleen %33k egin zuten PPren alde, %31,7k PSOEren alde, %12,39k Voxen alde eta %12,31k Sumarren alde.

CISen arabera, Voxen hautesleen motibazioak gora egin zuen azken hamar egunetan. PSOEren eta PPren hautesleenak, ordea, gorabeherak ditu azken txanpa horretan.

Uztailaren 22an egindako galdeketa batean, galdetutakoen %83,2k dudarik gabe bozkatzera joango zela erantzun zuten. Halere, parte-hartze ofiziala %70,4an gelditu zen.

Inkestan parte hartu zutenetatik %27k esan zuten PSOE zela beren idealetatik gertuen dauden proposamenak egiten dituen alderdia. PPk %22,6 lortu zuen galdera horretan.

Dena den, pentsamolde horrek behera egin zuen bi alderdi hauen hautesleen artean asteak aurrera egiten zuen heinean. Aurkakoa gertatu zen Vox eta Sumarren aldeko hautesleekin, asteak aurrera egin ahala sostengu handiago jasotzen baitzuten arlo horretan.

Bozkatzeko garaian, gustuko dituen proposamenen alde egin zuten %70ek. Gustuko ez dituenei aurre egiteko, ostera, %17,5ek.