GARA Euskal Herriko egunkaria

Barbie


Senegaldik etorritako azken albisteek lagunaren ama ekarri didate gogora. Nola duela urte batzuk poliziak atxilotu zuen oraingoaren antzeko egoera batean gobernuaren botere gehiegikeriaren kontra beste emakume batzuekin batera protesta egiteagatik. Polizia-etxetik deia jaso zuenean larritu egin zen seme zaharrena, lagunaren neba. Hark deitu zion, ama polizia-etxera jasotzera joan ostean. Aurrekaririk ez zuela-eta aske utzi zuten kargurik gabe. Hori bai, lehenik 70 urte paseak dituen emakume bat “ulertzen” ez dituen politika kontuetan sartzen uzteagatik sekulakoak entzun behar izan zituen lagunaren nebak.

Poliziak atxilotua izatea ez da txikikeria bat Senegalen, are gutxiago kargurik eta fidantzarik gabe libre geratzea. Generoak eta adinak “salbatu” zuen, emakumea eta adinekoa izatea erabakitzeko gaitasunaren kontrakoak omen direlako. Ez zuen inoiz pentsatu patriarkalismoari eskerrak emateko arrazoi bat bera ere edukiko zuenik, lagunak esan zidanez. Txantxetan, jakina. Unean uneko izua uxatu eta alaba helduarena egin zuen, ordea, amari bere jarrera axolagabeagatik kargu hartuz. Gerora esan zidan amagatik harro zegoela bere eskubideen defentsan altxatu zelako, nahiz eta hori ez zion aitortuko, hurrengoan arazo handiago batean sartzeko gonbit gisa hartuko baitzuen. Ondo ezagutzen du lagunak ama eta ondo ezagutzen du sistema ere. Hori ulertzeko ez du Barbieren gaineko filmik behar, bizi bizi baitu.