GARA Euskal Herriko egunkaria

Tirainak


Donibane Lohizuneko Lafitenia hondartzan Ostreopsis itsa-belar toxikoa aztertzeko Marie Toussaint, Europe Ecologie les Vertseko europarlamentaria agertu dela entzun dut irratian, Surfrider Foundation elkartekoekin batera. Klima aldaketak landare espezie berriak sortu dituela, haietako anitz kaltegarriak bainularientzat. «Eta ondotik, zapatak kendu, galtzerdiak, galtzak altxatu eta zangoak itsasoan sartu ditu frogak hartzeko», dio irratiak, eta Xalbadorren itsasoko pasartearekin oroitu naiz. 1952ko urrian Xanpunen ezkontza ospatu zen Donibane Lohizunen. Basarri eta Mattinekin elkartu zen Fernando Aire, dotore jantzita, antza, lehen aldiz gorbatarekin, elizako eginbeharrak bete, aperitifa hartu eta itsas ondoko hotelean bazkari legeak eginda, itsasoa ukitzeko enbeia piztu zitzaion urepeldarrari, artean nehoiz ez baitzuen halakorik egin. Tirainekin argi ibiltzeko aholkatu zioten, baina artzainak ez zekien zer ziren ere, marearen igoerak edo jaitsierak eragindako ibai-korrontea indartsua agidanean. Urak bilduta lurrera erortzen ikusi zuten Mattinek eta Basarrik, eta bertsoka hasi hari trufaka, kamisa ederra eta galtzak ederki bustita handik ateratzen lagundu ondoan. Urte batzuk berantago, txapelketan honela kantatu zion itsasoari: «Mendi kaskoan sortu naiz ni ta beti han bizi gaizoa, ardiekilan pasatzen baitut ene denbora osoa, badakit zer den halarik ere erran duzun itsasoa».

Gozagarri bezain arriskutsu, hein berean.