AUG. 09 2023 Jonan Ordorika, musika zaletasunak soinu mahaira eraman zuen teknikaria Jonan Ordorikari bihotza nekatu zaio. Astelehen iluntzean hil zen, 55 urte zituela. Bihotzekoaren ostean astelehenean egindako ebakuntzatik ez zen errekuperatu. Euskal Herrian musikagintzan ari diren hainbat pertsonek bere galera nabarmendu dute, tartean, Ruper Ordorika anaiak. Bere izaera umila eta Euskal Herriko makina bat talderekin soinu teknikari bezala jorratutako bidea dute gogoan ezagutu dutenek. Jonan Ordorika, Fernando Saunders eta Lou Reed-en artean, azken honen omen-diskoko irudian. (GARA) XOLE ARAMENDI DONOSTIA «Kolpe latza da». Hala aitortu zion atzo GARAri Ruper Ordorika Jonanen anaiak. Sasoi betean joan da Jonan Ordorika, 55 urte zituela. Ezustean harrapatu ditu senitarteko eta lagunak. «Ustekabea izan da, duela lau egun familian uste genuen alaiki aterako zela ebakuntzatik», adierazi zuen, samin betean. «Ostiralean Bilbora, Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Ebakuntza egin ondoren hil zen. Aurreko egunetan egon zen etxekoekin, eta ondo zegoen» zehaztu zuen. Ruper eta Jonan Ordorika anaiek arrasto handia utzi dute euskal musikagintzan. Agertokiaren gainean bata, eta estudioan, masterizazio lanetan, bestea. Makina bat diskotan parte hartu du Jonanek, kontaezinak dira musikariekin eskuz esku Azkarateko Argiñenea baserrian emandako orduak. Bertan ireki zuen lagun talde batek Katarain estudioa, 1991n. Angel Katarain, Amaia Apaolaza eta Jonan Ordorika ziren, beste batzuen artean, bazkideak. Indie musikaren jarraitzailea, El Inquilino Comunista taldearen zuzenekoetan teknikari lanak egin zituen. Familian ez ezik, lanean ere harreman estua izan dute Ruperrek eta Jonanek. Anaia txikia arduratu zen zaharraren lanak ontzeaz. «Nire bizitza osoko lankidea izan da» esanez laburbildu zuen. BI GALERA Telefonoz bestaldean, atsekabea. «Azken urteotan bi galera izan ditugu Katarain estudioetan. Anaiaren heriotzak niretzat ez du parekorik, baina… 2015ean Amaia Apaolaza hil zen, nire musikaria eta managerra». «Gizon gozoa eta alaia» bezala definitu zuen Ruperrek anaia. «Pertsona ona eta sobera umila nire ustez zenbaitetan». Jonan Ordorika bazen norbait musikaren munduan, nahiz askok haren aurpegia ez ezagutu. «Musika ez da justua, teknikariak bigarren edo hirugarren mailan jartzen dira», egin zuen hausnarketa Joserra Senperena musikari eta pianistak. Horri umiltasuna gehitzen bazaio, zer esanik ez. LANA ERRAZ 90eko hamarkadan ezagutu zuten elkar Azkaraten. «Bere lana maite zuen, tipo zintzoa eta majoa zen. Gustua ematen zuen berarekin lan egiteak, erraza zen. Profesionalki ona zen». Teknikarien artean, askotariko teknikariak daude. «Bere abiapuntua zaletasuna zen eta balio erantsia zen bere lanean, hala uste dut nik. Musikaren fana zen. Ez zetorren teknikatik musikagintzara, zaletasunetik baizik», nabarmendu zuen Ruper Ordorikak. «Bazituen oso gertutik jarraitzen zituen idoloak, ezagunena Lou Reed da. Britainia Handiko popa ere asko gustatzen zitzaion. Lou Reed-en baxu-jotzailea eta ekoizlearekin, Fernando Saunders-ekin, hainbat lan kaleratu zituen, nik bezala, eta bere bitartez ezagutu zuen Reed. Ondoren, nik ere bai», gogoratu zuen. Jonan Ordorikaren biografian, aipagarria da estatubatuarra 2006ko ekainaren 5ean bisitan Azkarateko etxera etorri zitzaionekoa. Egun batzuk eman zituen bertan, Aralarko mendien ondoan, bere maisu Renekin batera Tai Chi praktikatzen, bere musikarietako batzuk ere lagun zituela. Zazpi urte geroago, 2013. urtean, hil zen Reed New Yorken, 71 urte zituela. Handik urtebetera, Jonan Ordorikaren ekimenez eta haren zuzendaritzapean, artista talde bat elkartu zen Azkarateko Katarain estudioetan, 2015ean, CD, binilo eta streaming bidez argitaratu ziren abestietako batzuk euskaraz grabatzeko, egilea omentzeko. Kaki Arkarazo musikari eta ekoizleak gertutik ezagutu du oñatiarra. «Bere ezaugarri nagusia urduritasuna zen. Izugarri gustatzen zitzaion musikaren mundua, baina ez zeukan behar den segurtasunik. Horrekin borrokan eman zuen bizitza osoa. Zalantzati zebilen beti. Hasieran asko kostatu zitzaion arren, ikasiz joan zen. Burugogor jarri eta lortu arteko onik ez zuen izaten; urduritasunak energia ematen zion». Bat egin du Arkarazok Ordorikaren umiltasuna nabarmentzerako orduan. «Era berean segurtasun ezak umiltasuna ematen zion. Berak egindakoa, berak egin zuelako, ez zuen ontzat ematen lehenengo botean. Musikarion iritzia jakin nahi izaten zuen. Oso gustura egiten genuen lan berarekin, maitagarria zen». LOU REED ETA ATHLETIC Konplizitate handiz ari da oñatiarraz. «Gauza asko bizi izan genituen elkarrekin» dio. «Bi gauza maite zituen beste ezeren gainetik: Lou Reed eta Athletic. Bere etxera etorri zenean, Azkarateko jogurten fan absolutua egin zen Reed! Athleticez zer esan... hortzetako eskuila eta oheko edredoia zuri-gorriak zituen. Gustukoa zuenaren erabateko fana zen, ez zeukan erdibidekorik. Pentsa zer lortu zuen, Ernesto Valverderen eta Lou Reeden laguna egin zen!». Hain zuzen, Athleticeko entrenatzaileak eginak ziren Reed-en omen-diskoko azaleko eta kontrazaleko argazkiak, Jose Ordorikaren -duela urte batzuk hil zen anaia- margoenak. ��HOMBRE DULCE Y JOVIAL��Quienes le han conocido han destacado su humildad. & # 34; Umila a mi juicio & # 34;, ha dicho su hermano mayor, Ruper Ord... Lo ha definido como un ��hombre dulce y jovial��