GARA Euskal Herriko egunkaria

Abuztu erdialdeko jaiak iritsi dira Nafarroako eta Arabako herrietara

Agoitz, Tafalla, Burlata eta Goizueta dira datozen egunetan Nafarroan jaietan murgilduko diren herrietako batzuk. Araban, bihar hasiko dira jaiak Amurrion, eta datorren asteartean, Laudion. Nafarroan ere bihar hasiko dira Agoitzen eta, asteburua pasatuta, Tafallan, Burlatan eta Goizuetan.

Tafallako txupinazoa astelehen eguerdian botako dute, abuztuaren 14an. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Agoitz izango da abuztu erdialdeko jaiak hasiko dituen lehena, bihar bertan botako baitute txupinazoa. Aurten, Agoizko Musika Bandako eta Francisco Yndurain adinekoentzako unibertsitateko ordezkariak izango dira suziria botako dutenak, bi erakundeen 25. urteurrena dela eta.

Egitaraua datorren asteazkenera arte luzatuko da, eta ez dira faltako larrain-dantzak, kantujirak, trikipoteoak, zezensuzkoak, haurrentzako jolastokiak, disko gazteak, pilota partidak, Nafarroako erraldoi eta buruhandien kontzentrazioa…

Musika arloan, bestalde, honako talde hauen emanaldiak daude iragarrita: Sofokaos, Same Roots, DJ Bull (bihar), Kresala orkestra (etzi), Koxkor taldea (astelehena), Trikidantz (asteartea) eta Edelweiss (asteazkena).

Tafallan datorren astelehenean hasiko dituzte jaiak, baina asteburu honetan zenbait ekitaldi izango da. Gaur, erraldoien eta buruhandien konpartsaren irteera, zezen plazako orga entzierroa, pilota partidak eta kontzertua; igandean, zezenketetan parte hartuko duten zezenen ateratzea, lasterketa herrikoia entzierroaren ibilbidean eta La Tafallesa musika bandaren kontzertua. Zazpi egunez luzatuko dira aurtengo jaiak, aldaketekin: entzierroak goizaldeko 1.30ean izango dira, gazteen gunean ekitaldi gehiago izango da, eta musika taldeentzat diru gehiago izango da.

Burlatan ere astelehenean hasiko dira, eta sei egunez luzatuko dira. Egitarauan herriko elkarte eta taldeek antolatutako ekitaldiak sartu dituzte, jai eskaintza gehiago aberasten delako.

Goizuetan ere astelehena izango da txupinazoaren eguna, eta hortik abiatuta, bost egunez luzatuko da jaia. Aurten, gainera, festa batzorde berria osatu dute, adin guztietako herritarrez osatua, eta egitarau «biribila» prestatu dutela iragarri dute.

SAN ROKE JAIAK, AMURRION ETA LAUDION

Amurrion Sanrokeak ospatuko dituzte sei egunez, bihartik datorren ostegunera arte. Herri mugimenduak antolatutako egitaraua, gaur bertan hasiko da. Txupinazoa eta Iguarrako maskota jaistea bihar izango dira, eta aurretik, Iñaki Bea futbolariak jaietako pregoia irakurriko du.

Laudion, abuztuaren 15etik 17ra eta 23tik 27ra banatu dute aurtengo San Roke jai egitaraua. Txupinazoa datorren astearte eguerdian botako dute, eta herriko peña historikoak izango dira agurra irakurri eta suziria botako dutenak. Pregoia, Andaluzia, Gaztela-Leon, Extremadura eta Galiziako etxeetakoek irakurriko dute.