GARA Euskal Herriko egunkaria
ATHLETIC

ICHHk, «jasotako errepresioagatik, gidatutako animazioa» eten du

«Bazkide izateko eskubidea kentzea eta 80.000 eurorainoko zentzurik gabeko isun ekonomikoak» salatu zituen ICHHk; «udan ere etenik ez duten gertakariak». Athleticek «Estatutu Sozialetako zehapen-prozeduretan» oinarritu zuen bere erantzuna.

Iñigo Cabacas Herri Harmaila, pasa den denboraldiko neurketa baten. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Iñigo Cabacas Herri Harmailak ohar bat argitaratu zuen ostegunean, Real Madrilen aurka gaur 21.30ean 2023/24 denboraldiari ekin bezperetan. Herri Harmailak hamargarren urteurrena beteko du aurten; beti egin dute «jarraitzaileak protagonista dituen Athletic herrikoi baten aldeko apustua».

«Orain dela hamar urte hasitako bidea da gure balioen, usteen eta gure egiteko moduen adierazlerik argiena; jarraitzaileak protagonista izango diren Athletic herrikoi baten aldeko apustu argia egiten dugu», dio ICHH-ren oharraren hasierak.

Baina gaurko neurketatik hasita, jaso duen «errepresioa dela-eta, gidatutako animaziorik» ez dutela burutuko argitu zuen ICHHk. «Bazkide izateko eskubidea kentzea edo zentzurik gabeko isun ekonomikoak» salatu zituen; orotara 80.000 euroraino iritsi diren isunak, hain zuzen.

Are gehiago. «Gertakari hauek udan ez dute etenik izan, eta pasa den denboraldian jasotako errepresioari gehitu behar zaizkio speakerrei isunak, bonboekin harmaila animatzen dutenen kontrako erasoak eta, orokorrean, ICHH osatzen duten pertsonen kontrako jazarpena», salatu zuen oharrak.

Gogoan izan behar da pasa den denboraldian ICHHko kideek jaso zituzten isunak, besteak beste, Pablo Gonzalez Polonian preso dagoen kazetari bizkaitarraren askatasuna eskatzeagatik eta Donbasseko Errepublikaren bandera erakusteagatik izan zirela.

ATHLETICEN ERANTZUNA

Athleticek erantzuna bere webgunean idatzi zuen. Bazkide «bakoitzaren Estatutu Sozialetan jasotzen diren zehapen-prozedurak» adierazi zituen. Klubaren Estatutuen arabera, «bazkideekiko diziplina-ahalmena bi organo independentek gauzatzen dute: Diziplina Batzordeak eta Apelazio Batzordeak. Organo horiek klubeko gainerako organoetatik era autonomo eta independentean jarduten dute».

«2022/23 denboraldian 35 gorabehera gertatu ziren. Horietatik 30 bazkideei zuzendutako idatzizko ohartarazpenak izan ziren. Beste bost espedienteetatik, bat artxibatu egin zen, eta gainerako lau espedienteak arau hauste oso larritzat jotako jokabideengatik amaitu ziren».

«Athleticetik beti saiatuko gara San Mameseko giroa eta animazioa ahalik eta onena izaten. Gure taldea animatu nahi duen pertsona orok hori egiteko modua nahi dugu, eta bilatuko dugu, baina betiere gure gizarte-masa osoak onartu dituen Estatutu Sozialen defentsaren barruan, eta herritar bakoitzari eragiten dioten indarreko arau eta legeen barruan», amaitu zuen klubak.

JOKALARI GARRANTZITSUAK FALTA

Bestalde, espero bezala, Yeray Alvarez, Yuri Berchiche eta Dani Garcia ez dira jokatzeko moduan izango, Ernesto Valverdek aditzera eman zuenez.«Nolanahi, gure helburuak lortzeko, borrokari ekin behar diogu, gogor gainera. Aurkariak ere falta ditu zenbait jokalari, Courtois kasu, baina Real Madril gisako kontrario baten aurrean ez dago besterik: 90 minutuetan lekua galdu gabe egon eta, aukerarik denean, baliatu egin beharko dugu», gaineratu zuen.