GARA Euskal Herriko egunkaria
HAUTESKUNDE ONDOKO MUGIMENDUAK

Kongresuko Mahaia hautatzeko osagaiak prest; emaitza inork ez daki

Inbestidura formalizatzea falta den arren, behin Maria Chiviteren hurrengo Gobernua lotuta, Nafarroako politika opor giroan sartu da dagoeneko. Kontrakoa gertatu da Madrilen. Bi asteko isiltasunaren ondoren, datorren ostegunean Kongresuko Mahaia hautatu behar da, eta azken egunetan alderdiak berpiztu dira, bereziki PSOE. Emaitza aurreikustea ez da batere erraza.

Madrilgo Kongresua, artxiboko irudi batean. (J. DANAE | FOKU)

Bi fronte hartu behar dira aintzat Kongresuko Mahaiaren osaketaren inguruan apustuak egiteko, eta biak ala biak airean daude oraintxe bertan. Lehenengoa, zenbakiak dira: PSOEk PPren mesedetan Madrilen galdu zuen azken diputatuak zelai-jokoa aldatu zuen, blokeak erabat berdinduz. Junts eta Coalicion Canaria ekuaziotik kenduz gero, eskuin espainolak 171 diputatu ditu, UPN barne; eta PSOEk eta alderdi ezkertiar eta subiranistek, beste hainbeste. PSOEk Auzitegi Gorenera eraman zuen ostegunean Madrilgo barrutiko 30.000 boto nulu berrikusteko eskaria, diputatu bakar baten dantzak emaitza osoa alda dezakeela jakitun. Erantzunik ez, oraindik.

Baina zenbakiez harago, politika dago. Eta politikak leku berezian jarri ditu kanariarrak eta Junts-eko katalanak. Haien esku daude, neurri handi batean, bai inbestidura, baita Kongresuko Mahaia ere. PPk Coalicion Canaria alderdiko diputatu bakarraren babesa emantzat jotzen bazuen ere -Kanarietan elkarrekin gobernatzen dute-, PSOErekin ere negoziatzen ari direla jakin da aste honetan. Alderdiko iturriak aipatuz, Daniel Galvalizi kazetariak ostegunean NAIZen ziurtatu zuen kanariarren botoa oraindik erabakitzeko dagoela.

Atzo deklarazio publikorik egon ez zen arren, alderdien makineriak martxan daudela nabarmena da. Zenbait filtraziok PSOE EAJrekin eta ERCrekin negoziatzen ari dela baieztatu zuten. Informazio horren arabera, alderdi hauek Kongresuko Batzorderen baten presidentetza eskuratzeko moduan daude, haien babesaren truke. Galdera nagusia bat da orain: Juntsen jokabidea.

FANTASIATIK ERREALITATERA

Ostegunean, PP Juntsekin negoziatzeko prest agertu zen, baina Voxek, lehenengo, eta Kataluniako PPko kideek, atzo, bide horretatik ez jarraitzeko eskatu diote. Alejandro Fernandez buruzagi katalanak oso argi hitz egin zuen Zaragozan: «Junts da Konstituziotik at kokatu dena, eta Puigdemontek iskin egin dio Justiziari; beraz, zeinahi negoziaziotatik kanpo daude».



Kontseiluak Nafarroako akordioa gaitzetsi du

Nafarroako Gobernu berria eratuko duten hiru alderdiek sinatu duten akordio programatikoa aztertu ondoren, «atzerapausotzat» jo du Kontseiluak, ohar batean nabarmendu duenez. «Euskararen trataerari erreparatuta, ez dago inolako berrikuntza esanguratsurik duela lau urte hasitako legegintzaldiaren akordio programatikoaren eta 2023 honetan publiko egin berri dutenaren artean, eta dauden aldaketak okerrerako izan dira, 11 puntutik 8ra pasatuz», aipatu du.

Elementu larriena, Kontseiluaren ustez, Euskararen II. Plan Estrategikoaren puntua desadostasunen atalera pasatu izana da: «Aurreko legegintzaldian Gobernuak prozesu parte-hartzaile zabal bat egin zuen, non Nafarroa osoko gizarte eragileek eta alderdi politiko guztiek parte hartu eta ekarpenak egin zituzten. 2021eko abenduaren 21ean, Euskararen Nafar Kontseiluak planaren azken proposamena bozkatu eta onartu egin zuen, eta Kontseiluak planaren anbizio falta nabarmendu bazuen ere, Gobernuak jarraian blokeatu eta kaxoi batean gorde zuen. Nola uler daiteke Euskararen Plan Estrategikoa garatzea adostu zuen Gobernu berak lau urte beranduago honen onarpena desadostasunen atalera pasatu izana?».

«Desadostasuna argudiatuz, milaka nafarri eskubideak ukatzen» zaizkiola salatu du. «Legegintzaldiaren abiaburua ez da euskal hiztunek eta euskararen normalizazioak behar dutena. Hala ere, oraindik lau urte daude noranzko onean jartzeko, eta helburu horrekin eragingo du Kontseiluak», aurreratu du. GARA