GARA Euskal Herriko egunkaria

80 pertsona hil eta mila desagertu dira Hawaiiko baso suteetan


Maui irlako agintariek atzo esandakoaren arabera, 80 pertsona hil dira suteen ondorioz. Horrez gainera, mila pertsona inguru desagertu dira. «Suhiltzaileek lanean jarraitzen dute fokuak itzaltzeko eta sugarrak geldiarazteko Lahainan, Pulehu/Kihein eta Upcountry Mauin», adierazi zuten AEBetako CNN telebista kateak jasotako ohar batean.

BBC News-ek jakinarazi zuenez, kaltetutako askok suteei buruzko abisuak «berandu» heldu zitzaizkiela diote. Suteak asteartean hasi ziren, baina «haize zakarraz» eta «eguraldi sikuaz» baino ez zituzten abisatu. Gero, sua «%100ean kontrolpean» zegoela esan zieten eta moztutako errepideak ez erabiltzeko gomendioa zabaldu zuten. Hala ere, ondorengo egunean Lahaina hiria guztiz erreta zegoen. Josh Green gobernadorearen ustez, suteak «aurreikusteko oso zailak» ziren.

Ameriketako Estatu Batuetako Osasun eta Giza Zerbitzuen Departamentuak (HHS, ingelesezko sigletan) osasun larrialdiko egoera ezarri du uhartean, eta, horri esker, «malgutasun handiagoz» emango zaie arreta medikoa kaltetuei.

Tokiko agintarien arabera, 14.000 pertsona baino gehiago atera zituzten Maui uhartetik asteazkenean, eta 14.500 inguruko uharteetara eraman zituzten ostiralean.

Richard Bissenek, Lahainako alkateak, ziurtatu zuen hiriaren %80 erabat suntsituta geratu dela Dora urakanak piztutako sugarrengatik.