GARA
DONOSTIA

Arte tradizionalari eta digitalari buruzko solasaldia, Silvia Sanchezen eskutik

Arte digitala eta tradizionala uztartzen dituen erakusketa bikoitza dago irekita Donostiako Okendo Kultur Etxean. Sorkuntza tradizionaletik abiatu eta formatu aitzindari berrietarantz nola garatu den ikus daiteke Silvia Sanchezen proposamen artistikoan. Abuztuaren 25era arte bisita daiteke.

Abuztuaren 25era arte bisita daiteke erakusketa.
Abuztuaren 25era arte bisita daiteke erakusketa. (Gorka RUBIO | FOKU)

Erakusketak aukera ematen dio bisitariari, alde batetik, errealitate birtualean bizia hartu duten Silvia Sanchezen (Bilbo, 1970) lan fisikoak ikusteko, eta, bestetik, lan horien animazioaz gozatzeko, errealitate birtualeko betaurrekoen bidez arte digitalean murgiltzen den esperientzia batean.

Horrela, arte tradizionaletik abiatuta, formatu aitzindari berrietarantz nola garatu den ikus daiteke, publiko mota ororengana iristeko bere lengoaian hitz eginez.

Animazio proiektuak errealitate birtualean oinarritu dituzten jatorrizko zazpi koadro daude aretoan. Zazpi pieza original, barrura begira jarriko gaituztenak. Izan ere, emozioei erreparatzen die sortzaileak, norberarenei zein ingurukoenei. Ikus-entzunezko esperientzia ere bada. Errealitate birtualeko betaurrekoen bidez, koadro horiek mundu digitalera eramatea du helburu. Gainera, pieza horietako batean inspiratutako eskultura berri bat ikusi ahal izango da. Aretoan beharrezko laguntza egongo da edonork esperientziaz gozatzeko aukera izan dezan, eta bi hizkuntzatan ikusi ahal izango da, euskaraz eta gaztelaniaz.

BALIAGARRIAK

Artistarentzat, arte tradizionala zein digitala baliozkoak dira bere obraren mezua egokiago zabaldu ahal izateko. Elkarrekin biziz eta aberastuz, hizkuntza publiko bakoitzari egokitzean.

«Arte munduan baliabide digitalen erabilerari buruzko eztabaida bereziki beroa izan den urte baten ondoren etorri da erakusketa», adierazi dute arduradunek. Areto berean jasotako elkarrizketa honek aukera ematen dio artistari bere lan originala eta digitala erakusteko eta, publikoari, jada hemen dagoen etorkizuneko mundu bati buruzko bere iritzia sortzeko. 15 urtetik gora joan dira Sanchezek Zuzenbidea utzi eta arteari profesionalki ekitea erabaki zuenetik. Espainiar Estatua, Portugal, Suitza, Mexiko eta Arabiar Emirerriak izan ditu bizileku, eta leku horietan guztietan ezagutarazi du bere obra.

EMAKUMEA ARDATZ

Begiratu eta ezagutu, epaitu gabe. Bere obrak emakumea du oinarri. «Bere hauskortasunetatik bere gotorlekuetara eboluzionatzen duen emakumea. Bere obraren irudi nagusia den emakumea, emozioak eta bizipenak islatzen dituena. Gauza txikien garrantzian ardaztutako obra da. Irribarrea azaleratzen du jendearengan. Sinpletasun figuratibotik sinbolismo ia surrealistara egiten du jauzi. Istorio pertsonal ederrez betetako obra da», esan dute.

Abuztuaren 25era arte dago irekita erakusketa Okendo Kultur Etxean. 12.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara da ordutegia. Aste Nagusian, goizez bakarrik (abuztuak 16, 17 eta 18): 12.00etatik 14.00etara.