Inazio MURUA
ZORROZTARRIA

Interes desinteresatuak

Iruñeko alkatearen irudia bitxi-denda bat sustatzeko erabili dute, hura ekitaldi ofizialetan bitxi-denda horretako bitxiak jantzita ageri dela erakutsiz. Bitxiak ez dakit ederrak diren, baina jokabideak itsusi samarra ematen du, ezta? Eta ematen duena baino itsusiagoa izan liteke. Horregatik eskatu zuen EH Bilduk auziaren inguruko informazioa. Hamabi egun iragan dira eta oraindik, antza denez, ez dute astirik izan informazio guztia biltzeko, ez dakit asko delako edo gaizki-ulertua zehatz-mehatz azaldu nahi dutelako.

Edonola ere, ni azalpena jakiteko irrikan nago, inoiz ematen baldin badute. Erantzun posible bat, oso ohikoa baina oraindik ere neurri batean eraginkorra, izan liteke EH Bildu ez dela nor azalpenik eskatzeko (egia esan, UPNren eta enparauen arabera, goizeko argia ikusteko ere ez da nor).

Nafarroako Gobernu berria osatzeko akordioa iritsi dute halako batean. EH Bilduk ez du parte hartuko, baina kide guztiak bildu dira berarekin. Badirudi interesa zuela Gobernuaren osaketan eta horretaz jabetu zen aurrekoan UPNko buru azkarra; areago, «interes handiena» duena dela esan zuen, Gobernu hori «epe ertainean bere helburu independentistak erdiesteko funtsezkoa baita». Eta garbi ez balego ere, «interes estrategiko hutseko gaia» dela esan zuen. UPNk ez zuen interesik izan, nonbait, duela zortzi urte arteko zenbait hamarkadatan berak presidentetza zuen gobernua osatzeko, ez estrategiarik.

EH Bilduri dagokionez, arrazoi du Esparzak interes handiena erakutsi duena dela dioenean, are PSNk baino interes handiagoa, EH Bilduren xede nagusia, hain zuzen, Esparza buru lukeen gobernua osatu ezin izatea baita.

Batzuen interesak estrategikoak dira, eta UPNrenak agortzen hasitako estrategia baten araberakoak. Hori bai, desinteresatuak.