Haritz LARRAÑAGA
SURF

Itsasoratu aitzin surflariak kontuan hartu behar dituen aholkuak

Surflariak itsasora begiratzen duenean, nora eta nola zuzendu behar du begirada? Zeintzuk dira itsasoratu aitzin kontuan hartu beharreko oinarrizko irizpideak? Hona itsasoratu aitzin surflari batek kontuan hartu behar dituen oinarrizko zenbait aholku.

Aparrik ez dagoen lekuan sakonera handiagoa eta korrontea dago.
Aparrik ez dagoen lekuan sakonera handiagoa eta korrontea dago. (Haritz LARRAÑAGA)

Itsas kiroletan gertatzen diren istripu gehienen kausa materialarekin hartutako kolpea edo beste kirolari batekin egindako talka izaten dira. Aitzitik, oso gutxi dira itota hiltzen diren surflariak, baina arriskua egiazkoa da; alegia, gerta daiteke.

Surflariak beti bakarrik dagoela pentsatu behar du; olatu handi batek azpian harrapatzen duenean, adibidez, gainazalera atera arte inork ez dio lagunduko. Olatuak oso handiak ez direnean ere badago itotzeko arriskua, baldin eta oinarrizko segurtasun arauak betetzen ez badira.

Zeintzuk dira oinarrizko segurtasun arauak? Lehena umiltasuna da: nork bere jakintza eta esperientzia mailaren arabera jardun behar du. Bigarrena, non eta nola itsasoratu behar dugun jakitea. Hirugarrena, itsasoratu aitzin bakarrik irteteko gai garela ziurtatzea. Eta azkenik, edozer gertatzen dela ere txikota ez askatzea. Goi mailako surflarien eta olatu oso handietako surflarien kasuan aholkuak alda daitezke, baina oro har, lau irizpide horiek zintzo jarraituz gero, ez genuke aparteko arazorik izan beharko.

Garrantzitsuena itsasoaren ezagutza da. Nahiz eta olatu gainean hasi berri baten antzera surf egin, bizi osoa itsasoratzen pasatu duenak ez du arazorik izango. Kostaldean bizi direnek, haurtzaroa olatu artean jolasten pasatu ostean surf egiten hasi direnek, nahiz eta berandu hasi surf egiten, itsasoa «irakurtzeko» askoz ere erraztasun handiagoa izango dute eta, oso igerilari txarrak izan arren, itsasoaz ezer gutxi dakien igerilari bikain batek baino zailtasun gutxiago izango dute egoera zailetatik irteteko. Kostaldean jaio eta hazteko zortea izan ez dutenek maiz ez dute ulertzen esperientzia maila ez dela neurtzen olatu gainean egiteko gai garenaren arabera.

Etengabeko ikaspena da itsasoa irakurtzen jakitea, korronteak identifikatzea, mareak gora edo behera egin ahala korronteak nola aldatuko diren aurreikustea edo itsasaldien eragina neurtzeko gai izatea. Gauza horiek ez dira hiru edo lau urtetan ikasten.

NON ETA NOLA ITSASORATU?
Lehen araua, Gerry Lopez surflari entzutetsuak dioen moduan, «leku batean sartu aurretik nondik eta nola aterako zaren jakitea da». Norberaren jakintza maila onartzeak bezala, horrek ere apaltasun handia eskatzen du.

Garrantzitsua da lehorretik itsasora begiratu eta egoeraren argazki egokia egiten jakitea. Zenbat eta jakintza maila handiagoa izan orduan eta argazki zehatzagoa egiteko gai izango gara eta arrisku guneak identifikatuko ditugu.

Hondartza batera iritsi eta apar gehien ikusten den lekua izaten da seguruena, nahiz eta lehen begiradan arriskutsuagoa iruditu. Izan ere, korronteak izaten diren lekuan hondoak sakonagoak dira eta olatuari gehiago kostatzen zaio bertan apar bihurtzea. Horregatik izaten dira liskarrak surflarien eta igerilarien artean, surf egiteko eta bainua hartzeko leku egokia berbera delako; alegia, olatu gehien dagoen eremua.

Oso garrantzitsua da indar guztiak ez xahutzea, zeren eta larrialdi egoera batean indarrik gabe gera gaitezke oso denbora laburrean. Beraz, garaiz ateratzen jakin behar da.

Azken aholkua. Txikota beti lehorrean lotu behar da, eta surf saioa amaitu ostean berriz ere lehorrean askatu behar da; alegia, inoiz ez da uretan askatu behar, ezta hondartzatik metro oso gutxira egonda ere. Istripu ohikoa da, ura belaunetaraino daukagula, txikota askatzeko makurtu eta olatutxo batek bultzatuta taulak aurpegian, ahoan edo begian jotzea. Oso ohikoa da, baita ere, oso beldurtuta dagoen surflaria txikota askatu eta igeri egiten hastea. Itotzen diren surflari gehienak horrela itotzen dira.