Arnaitz GORRITI
BILBO
SASKIBALOIA

«Iazkoa hobetzeko itxaropenez» ekin dio Bilbao Basketek 2023-24 sasoiari

«Meloi asko ireki behar ditugu», onartu zuen Jaume Ponsarnau entrenatzaileak taldearen aurreneko entrenaldian, baina bai berak bai Rabaseda eta Rigo kapitainek lan hobea egin dezaketela iritzi zioten, hala ACB Ligan nola FIBA Europe Cup-ean.

Oraindik jokalari asko falta baziren ere, lanari ekin zioten atzo goizean Surne Bilbao Basketeko kideek.
Oraindik jokalari asko falta baziren ere, lanari ekin zioten atzo goizean Surne Bilbao Basketeko kideek. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Joan den ostiralean mediku azterketak gaindituta, atzo lanean hasi zen Surne Bilbao Basket 2023-24 denboraldiari begira. «Meloi asko ireki behar ditugu, baina ilusioz gainezka irekiko ditugu. Itxaropena daukat talde oso ona osatuko dugula», laburbildu zuen Jaume Ponsarnau entrenatzaileak, lantalde erdia aldatu duen Bilbao Basket berri honek egin dezakeenari buruz.

Oraindik Ponsarnauren aginduetara lehen taldeko sei jokalari baino ez daude, izan ere: Alex Renfroe, Adam Smith, Alex Reyes, Tomeu Rigo, Xavi Rabaseda eta Unai Barandalla. Gainontzeko jokalariak, Andersson eta Pantzar suediarrak, Kullamae estoniarra, Islandiako Hlinason eta Thijs de Ridder flandriarra «asteburu honetan edo beranduenez asteartean» batuko dira lantaldera, Jaume Ponsarnauk adierazi zuenez. Sacha Killeya-Jones «ostegunean lanean hasiko dela» espero du Tarregakoak, eta Tslampourisen kasuan, Greziako selekzioarekin Munduko Txapelketa prestatzen ari da eta hilaren 20ra arte, gutxi gorabehera, itxaron beharko du greziarrak abuztu amaieran Bilborantz ala Asiarantz egingo duen jakiteko. Hargatik, harrobiko Elvis Ude, Eneko Salinero, Asier Fernandez, Iker Chacon, David Monge eta Kepa de Castro ariko dira beltzezko gizonekin lanean aurreneko aste hauetan.

Dena dago egiteko Bilbao Basket berri honetan. Ondorioz, iazko helburu nagusi berbera errepikatu zuen Ponsarnauk. «Hasteko, ACB Ligako 16 talde onenen artean sailkatu behar dugu. Aurrekontuei so eginda, hamar talde gainetik daude, baina gero ikusiko da zeinek asmatu duen taldea osatzean eta zeinek ez», nabarmendu zuen.

Hakanson eta Withey taldetik joan ostean, jokamoldea aldatu beharko da. «Iaztik hona, barruko joko luzeagoa eta sakonagoa izateko aukera izango dugu, defentsan oldarkorrago aritzeko aukerarekin. Erasoan, berriz, taldeak korrika egin dezala bilatu nahi dugu. Horrez gain, iaz postu guztietarako falta zitzaigun tamaina fisikoa aurten badaukagu», azaldu zuen Ponsarnauk.

EUROPA JOMUGA

Talde berriarekin pozik azaldu zen Xavi Rabaseda kapitaina ere. «Iazkoa hobetu dezakegula esango nuke», onartu zuen hegalekoak.

Anbizioa izan zen Rabasedak azpimarraturiko kontzeptua. «Iaz FIBAren BCL-tik kanpo geratu ginen. Gure anbizioa izango da iaz egindakoa hobetzea. Pieza dezente aldatu ditugu, baina berriak onak dira», ziurtatu zuen.

FIBA Europe Cup-ean urrutira iristeko itxaropenik badu taldeak. «Partida gehiago eta jokatzeko minutu gehiago daude horrela», mintzatu zen Tomeu Rigo Bilbao Basketeko bigarren kapitaina.

«Entrenatzaileak nahi duenera egokitzea da gure lehen betebeharra. Hori lortzeko gai garen heinean, jokoa errazago aterako zaigu eta iritsiko dira emaitzak», esan zuen.



Neurketa gutxi, denboraldiaurreari begira

Denboraldiaurreko neurketa gutxi jokatuko dituzte bilbotarrek. FIBA Europe Cup delakoan parte hartuko dute. Lehiaketa horren lehenengo fasea urriaren 18tik azaroaren 22ra bitartean luzatuko da eta, horrenbestez, bizkaitarrek astero Europako txapelketa honetako neurketa bat jokatu beharko dute sei aste horietan gutxienez.

«Europako lehiaketek ez dute entrenatzeko astirik uzten. Beraz, denboraldiaurrea entrenatzeko eta gure jokoaren arauak behar bezala ezartzen joateko baliatu nahi dugu», adierazi zuen Ponsarnauk.

Hala, aurreneko hitzordua Laredon izango dute beltzezko gizonek, hilaren 26an, ACB Ligara igo berri den Palentziaren aurka. Astebete geroago, irailaren 2an, 19.45ean hasita, Iruñeko Navarra Arena pabiloian ariko dira Jaume Ponsarnaurenak Real Madriden aurka, Nafarroako Saskibaloi Federazioak antolaturiko «Arena Basket» izeneko saskibaloi ekitaldian, hain zuzen.

Horren ondoren, talde bilbotarra Portora abiatuko da, non hiru neurketa jokatzeaz gain, «talde dinamika errotu eta osatzeko» baliatuko duten Portugalgo egonaldia.

ACB Ligari ekin aurretik, berriz, Euskal Kopako ohiko neurketa jokatuko dute bizkaitarrek Galdakaon, Saski Baskoniaren aurka, irailaren 15ean. Eta horren ostean iritsiko da ACBko aurreneko neurketa, irailaren 24an, 17.00etan, Natxo Lezkanoren Morabanc Andorraren aurka.A. G.