GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Mariezkurrenak ikuskizuna eman du eta ligaxkako lidergoa eskuratu du

Altunak eta Imazek aurreneko erdian eutsi arren, 10nako berdinketaren ostean, Ezkurdia eta Berriozarko atzelaria askoz gehiago izan ziren.

Mariezkurrenaren eskuin besoak markatu zuen aldea Azkoitiako partidan. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Egindako lanarekin gustura geratu naiz eta Anderri [Imazi] zorionak eman dizkiot. Baina Jonek [Mariezkurrenak] sekulako ikuskizuna eman du. Ezkerrez ez badu hutsik egiten eta eskuinez eman dion guztia emanda... buff! Ba ez dago besterik; zorionak eman eta kito». Jokin Altunari jaramon egitea komeni da berba egiten duenean eta, Amezketakoak esan bezala, Mariezkurrenak emandako ikuskizuna erabakigarria izan zen atzo, Caixabank Masterseko hirugarren jardunaldiari zegokion azken partidan.

Ezkurdia eta Mariezkurrena dira orain Masterseko liderrak, eta finalerdietarako txartela emango lukeen aurreneko postua lortuko dute, ostiralean Altsasun Jaka eta Martija mendean hartzen badituzte.

JAUN ETA JABE

Ordea, sailkapenaren kontuek gutxi balio dute Berriozarko atzelariak eman zuen erakustaldiaren parean. Orotara zortzi tanto sartu zituen -estatistika ofizialek Imazi pilotaren bat gehiago galdutzat eman arren, erreboteko zuloan «bizilekua» eraikitzea dagokionari horrenbeste barka dakioke- eta pilota bakarra galdu -neurketaren lehenengo tantoan hamargarren koadrotik goiko txapara bota zuen errestoaz gain-.

Sekulakoak eta bi emateaz gain, ezker hormara urdinek sarturiko pilotetan bikain moldatu zen, eta airez zein aurreko koadroetako defentsa lanetan, Ezkurdiari sekulako laguntza eskaini zion.

«Oso gustura aritu naiz hasieratik: pilota astintzen eta gozatzen. Josebak eta biok oso partida serioa egin dugu hasieratik. Lehenengo zatian oso ongi eutsi diote Jokinek eta Anderrek, baina guk aurrera jarraitu dugu, eta azkenean, zama hori nabaritu dute», onartu zuen Mariezkurrenak, pozarren.

Urdinei buruz, berriz, ezin ezer txarrik esan. Azkoitiko Gurea udal pilotalekuan aurreneko erdian partida oso berdindua ikusi eta gozatu ahal izan zuten. Altunak aurrean sekulakoak egin zituen lehenengo erdi horretan, eta are, pilota baxuago bati esker, partida orekatu zuten. Imazek, berriz, Mariezkurrenaren erauntsiari nolabait aurre egin zion.

Baina 10nako berdinketaz geroztik, ez zuen kolorerik izan. Ezkurdiak jokoa hartu zuen eta Mariezkurrenak ikuskizuna ematen jarraitu zuen. Biek osaturiko bikotea ikusita, Altuna eta Imazen mailako pilotariek ere amore eman behar izan zuten.