GARA
DONOSTIA
DOPIN

Bost kirolari zigortuta EAEn, 321 kontroletan

Arraunean egin ziren kontrol gehien iaz.
Arraunean egin ziren kontrol gehien iaz. (Guillaume FAUVEAU | FOKU)

Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak 2022an 85 misiotan 321 kontrol egin zituen, «inoizko kopururik handiena», atzo aditzera eman zuenez. Bost kirolari zigortu dituzte horren ondorioz, positibo emateagatik.

2022ko 85 misioetatik, %80, guztira 68, kirol probetan egin ziren, lehiaketetan alegia, eta gainerako 17ak entrenamenduetan izan ziren. Horrela, 288 lagin konpetizioan jaso ziren, eta 33 lehiaketatik kanpo. «Generoari dagokionez, kontrolen xede izan ziren kirolarien %79 gizonezkoak izan ziren, eta %21 emakumezkoak», zehaztu dute.

EAEn egiten diren European Athletics Association-eko nazioarteko probetan, TKE Arraun Ligan edo Euskadiko Atletismo Federazioaren nazioarteko probatan, besteak beste, bildu ziren laginak. Horiekin batera, iaz KAE Liga, emakumeen eta gizonezkoen Donostiako Estropadak edo Basque Crossfit bezalako probetan ere kontrol arduraduna izan da. Gainera, Dopinaren aurkako Euskal Agentziak dopin programa bat du urtero, EAEn egiten diren kirol proba desberdinetan.

17 MODALITATETAN

Guztira 17 kirol modalitatetan egin ziren dopinaren aurkako probak, ugarienak arraunean (94 proba), errepideko txirrindularitzan (62), errepideko atletismoan (42), ziklo-krosean (19) eta harri-jasotzean (19).

Iaz egindako 321 kontroletan kontrako sei emaitza analitiko atzeman ziren. Horietako bostetan kirolaria zigortu da. Espedientea hasi eta kirolaria zigortu zuten bost kasu positiboak EPO (Eritriopoietina) S-2 taldea Eritropoiesis estimulatzaileak, Clenbuterola S-1 taldea Agente anabolizatzaileak, Benzoilekgonina (Kokaina) S-6 Taldea Estimulatzaileak, THC (kanabisa), S-8 taldea kanabioideak, eta THC (kanabisa) S-8 taldea Kanabioideak izan dira.

Seigarren kasuan, Metilfenidato (S-6 Talde Bizigarriak) atzeman eta kontrako emaitza analitiko bat eman ondoren, atletak medikuaren baimena aurkeztu zuen eta espedientea itxi zen.

Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia Lakuako Gobernuaren menpean da eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dopinaren aurkako borrokarako eskumena du. 2005. urtean hasi zen kontrolak egiten eta «dopinik gabeko kirola lortzeko eta dopinarekin zero tolerantzia kultura ezartzea» lortzeko lan egiten du, nabarmendu duenez.

Bere eginkizunen artean prestakuntza eta aholkularitza ere badaude. Iaz hainbat prestakuntza eman ziren kirolari, federazio eta dopina kontrolatzeko agenteentzat. Euskal Surf Federazioko kirolari eta teknikarientzat eta Basque Teameko bekadunentzat informazio-hitzaldiak ere izan ziren.