GARA Euskal Herriko egunkaria

Zapatilak


The Globetrotting Sneaker” (2004) saioan Cynthia Enloek kontatzen digu nola gerra hotzaren amaieran Reebok kirol-oinetako markak lehendabiziko denda zabaldu zuen Mosku erdigunean. AEBetan eta Europan arrakasta handia lortu ostean, beste merkatuetara zabaltzeari ekin zion Reebokek, baina hara zein zen arazoa: garai hartan errusiar arruntak 40 dolar irabazten zituen hilean, eta zapatilarik merkeenak 100 dolarren bueltan zebiltzan.

Ospe handiko kirolariak kontratatuta, dirutza gastatu zuen markak kirol-oinetakoen publizitaterako. Bi talde ziren iragarki kanpainen jomuga nagusia: haurrak eta nerabeak. Bete-betean asmatu zuten beren hautuan.

Hona Enloeren gogoeta Reebokek Errusian irabazitakoaren gainean: «Berdin du kirol-oinetakoak non erosi edo saltzen dituzten, [Reeboken] publizitate iruditeriak erraztu egin du datu arrunt bat kontuan ez hartzea: Shaquille O’Nealen Reebokak norbaitek josten ditu, baita zureak zein zure amamarenak ere. Norbait horiek emakumeak dira, gehienak Asiako emakumeak, zeintzuk sinetsi behar omen duten AEBetako konpainia batentzat zapatilak egiteko “aukera” izatea beren herrialdearen garapenaren adierazle dela, Errusiako emakume batek bi hilabeteko soldata bere haurrarentzako kirol-oinetako batzuetan gastatzeak Errusia berria sinbolizatzen omen duen bezala».

H&M-ek, herrialdetako lantokietan gertatzen diren abusuak direla eta, Myanmarrekin dituen lan harremanak pixkanaka eteten joango dela iragarri du, azken hori arropa konpainiaren jarduera ekonomikoen ondorio ez balitz bezala.