GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Johannesburgeko urmaela


Igel-urmaela bailitzan, hiru interes maila izango ditu gaur, bihar eta etzi Hegoafrikako Johannesburgen egingo den BRICS goi bilerak: aparra eta haren gaineko lurrun-gandua; ur-geruza eta alboetako sasitza; eta hondoa, bertako harri, lohi eta abarrekin.

Aparra, nola ez, Putinen absentzia-presentzia izango da, hedabide-eltxoen eta gisakoen espazioa. Errusiar presidentea bideokonferentziaz izango da bertan, aurrez aurre agertu gabe. Eta horrek hamaika interpretaziorako aukera eman du jada. Ia guztiak, ezkorrak. Atxilotua izateko beldur dela; edota Hegoafrika konpromisoan ez jartzeagatik geratu dela. Haraino joanez gero, etxean estatu kolpea emango lioketen beldur dela...

Putzuan plasta-plasta, bost bazkideen arteko gorabehera eta buruhausteen hamaika zapaburuekin batera, igel itxura hartzen ari den potolo bat: «desdolarizazioa» deitu dena. Elkarren arteko, eta hirugarrenekiko salerosketak eta tratuak AEBetako dolarretan ez beste nolabait egin ahal izatea.

Jada ez da gutizia ideologikoaren edo hautu politikoaren kontua, baizik premia ekonomikoa BRICS guztientzat. Estatu Batuetako interes tipoen gorakada bizkorrak agerian utzi du zein iltzetatik dagoen zintzilik munduko merkataritza eta, bidenabar, herrialde asko eta askoren ekonomia. Adierazpen publiko gutxi baina barne erabaki asko eta sakonak eskatzen dituen putzua da. Zer esanik ez Johannesburgeko bileraren inguruan, Hegoafrikak gonbidatuta, bilduko diren dozenaka herrialde afrikarrentzat.

Baina putzuaren barrenean ageri diren Asiako -eta munduko- bi handien arteko harremanaren harkaitzek ematen didate atentzioa niri. Balin, duela bederatzi hilabete, diskrezio osoz bildu ziren Modi eta Xi. Handik hilabete askotara jakin da bien artean hitz egin omen zenaz zerbait. Gustagarri samarra. Orain ziur samartzat jotzen da Johannesburgen berriz ere eta, seguruenera, hiru aste barru New Delhiko G20an hizketan jarraituko dutela.

Hor bai ez dela adierazpenik izango. Baina… bilera egitean datza mezua.