Maider EIZMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Arrastoa

Igande goiza Euskal Herritik oso urrun ez dagoen hondartzan. Mendi artean kokatutako eremu ikusgarri honetan bizkor ibili beharra dago, mareak gora egiten duenean itsasoak harea erabat ezkutatzen duelako. Horregatik, lehen ordurako eta itsasbehera izan bezain laster jendea oraindik ere umel dagoen eremuan hasi da toalla eta tramankulu guztiak jartzen edota hondartzaren mutur batetik bestera ibilian, goizetik bero datorren eguna brisarekin arintzeko.

Bertakoen eta kanpotik etorri garenon artean dabiltza kamiseta laranja jantzita hainbat pertsona harean topatutako zikinak batzen, esku batean poltsa eta bestean matxarda luze bat hartuta; asko itsasoak berak eramango zituen ziur asko. Handik ere irten dira urpekariak neopreno, hegats eta oxigeno botila eta guzti, itsasbazterrean batutako haurren gozamenerako. Arrainen, agian itsas izarren eta akaso molusku hainbaten artean aritu dira igerian; hala irudikatzen ditugu ipuinetan eta itsasoaren ederrak erakusten dituzten dokumentaletan; baina nago begiak beste zerbaitetan jarriak izan dituztela itsasoratze honetan; izan ere, laranjaz eta pazientziaz lanean ari diren boluntarioei elkartu zaizkie uretatik atzeraka eta pauso geldoan atera eta gero.

Denbora luzean aritu dira lanean eta itsasoan eta handik kanpo jaso dituzten hondakinak hainbat pilatan sailkatu dituzte: batean, zigarro-puntak; bestean, plastikoak; ondokoan, edarien latak, imajinatzen ez ditugun eta sailkatzen zailak direnak bazterrean… paraje ederrean lotsaren mosaikoa osatu dute, lotsarazi eta zer pentsa eman beharko ligukeena behintzat. Harea kendu edota freskatzeko jarritako dutxaren ondoan pilatu dituzte denak, hain baitaude jarriak zaborrontziak, guztien bistara eta hondartzatik irtetean ezinbestean ikusi beharrekoak.

Ederra da leku berriak ezagutu edo aspaldian bisitatu gabekoetan oinatzak marraztea, haietan sakontzea, baina ederragoa beharko luke atzera begiratu eta zapaldu dugun hura bere horretan utzi dugula ziurtatzea, arrastoa gure oroimenean gorde eta apurka ezabatu dela ikustea.