Manex ALTUNA
BILBO
ATHLETIC

Jon Morcillo, Amorebietara bidean; Asier Villalibre, aldiz, minuturik gabe

Zornotzarra bere herriko taldearekin arituko da Bigarren Mailan. Oso gutxi jokatu du azken bi denboraldietan eta deialditik kanpo geratu da lehen jardunaldietan. Villalibrek ere ez du minuturik izan liga hasieran eta Alavesera itzul daiteke.

Jon Morcillo denboraldiaurreko entrenamendu batean Lezaman.
Jon Morcillo denboraldiaurreko entrenamendu batean Lezaman. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Jon Morcillo sustraietara itzuliko da. Kontratua urtebete luzatu arren, oso minutu gutxi izan zituen iaz Valverderekin eta, gainera, sorbalda apurtu zuen. Zornotzako ezker hegalekoa utzita arituko da herriko taldean bere futbol ibilbideari bultzada berri bat emateko asmoarekin. Izan ere, 25 urte egingo ditu irailean eta oso gutxi jokatu du azkenaldian.

Morcillo Amorebietaren harrobian hasi zen jokatzen eta Durangoko Cultural taldetik igaro ostean heldu zen Lezamara 2016an. Athleticen hirugarren taldea den Basconian bi denboraldi egin zituen, bakoitzean dozena erdi gol sartuz. Joseba Etxeberriak Bilbao Athletic hartu zuenean taldeko golegile nagusia bilakatu zen 10 gol egin ondoren 2019-2020 denboraldian eta Gaizka Garitanok lehen taldearekin entrenatzera igo zuen udan.

Morcillo bikain moldatu zen eta titular gisa abiatu zuen liga. 36 partidatan parte hartu zuen lehen taldearekin eta bi gol lortu, nahiz eta Marcelino iritsi zenean gutxiago jokatu eta Valladoliden utzita bukatu zuen hurrengo denboraldian.

Morcillok bezala, Villalibrek bere kontratua luzatu zuen joan den denboraldian Athleticekin 2025era arte. Alavesera utzita joan zen neguko merkatuan. Sei gol egin zituen Gasteizen. Horien artean, Lehen Mailara igotzeko balio izan zuen penalti erabakigarria. Lehen bi jardunaldietan ez du minuturik izan. Iñaki Williams, Guruzeta eta Raul Garcia aritu dira bere aurretik erdiko aurrelari gisa Real Madril eta Osasunaren aurkako partidetan. Sansetik iritsitako Javi Marton taldean geratu da eta Villalibre Alavesera itzul daiteke utzita. Talde gasteiztarretik hainbat aldiz esan du Sergio Fernandez kirol zuzendariak interesa daukatela. Kike Garcia fitxatu arren, Giuliano Simeoneren lesio larriaren ondorioz beste aurrelari bat fitxatu nahiko lukete.