Zuriñe IGLESIAS
DONOSTIA
Interview
XUBANE URIBARRENA
Arraun Lagunak-eko arraunlaria

«Denbora dezente noa ligako irabazle sentitzen, horrela ez adierazi arren»

'Lugañene'-k bigarrenez irabazi du Euskotren Liga. Uribarrenaren ustez, «burua izan da gakoa» erregularrak izateko. Gaineratu du «balio gutxi» eman zaiola irabazi duten ligari. Kontxari begira, esan du «arraunak taldeari zor» diola bandera jendearekin ospatzea.

(Jon URBE | FOKU)

 

'Lugañene' baserrian jarri du hitzordua Xubane Uribarrena (Trintxerpe, 1999) Arraun Lagunak-eko arraunlariak, bertan baitituzte liga honetan lortutako bost banderak eta Euskotren Ligako garaikurra. Titular asko utzi ditu erantzun bakoitzean. Besteak beste, «asko molestatzen» duela Arraun Lagunakek liga irabazi izana, liga irabazi berritan «gertukoez eta ez hain gertukoez» gogoratu dela, eta Euskotren Ligari «buelta dezente eman» behar zaizkiola. Datorren asteazkenean eta ostegunean jokatuko dira Kontxako Banderara sailkatzeko estropadak.

Nola joan zen pasatu den igandeko ospakizuna?

Donostiar bezala berezia izan zen. 2021ean covidarekin elkartean ospatu genuen. Familia artekoa izan zen, eta kalera pixka bat irten ginen, baina gutxi. Aurten, udaletxera joan, Konstituzio plaza beteta ikusi, Piratekin ospatu... Eskertuta nago, bai jendearen, bai taldearen jarrerarekin. Luzaroan gogoratzeko eguna izango da.

Udaletxeak harrera egin zizuela, Kontxarako eskatu al zenieten paserik?

Ez dakit galdutzat ematen dugun borroka bat den edo ez, baina arraunlariak ez gaude horrenbeste horretan pentsatzen. Beti defendatu dut donostiar bezala, eta Donostiako traineru baten arraunlari bezala, Kontxa horren garrantzitsua bada, zortzi onenek egon behar dutela, eta ez guk, ez beraiek, ez dutela eduki behar pase zuzenik. Guk izan behar badugu, egongo gara; eta ez baldin badugu izan behar, ez zait gustatzen beste bati aukera kentzea. Hala ere, Donostiako araua hori baldin bada, eta Donostiako ontziek pase zuzena badute, zergatik ez guk?

Zarauzko Ikurrinaren aurretik oso bideratuta zenuten liga. Irrika gorde al zenuten?

Ikusi dut estropada barruko bideoa, eta, igandearekin konparatuta, larunbatean beste modu batera ospatzen dut. Igandean kontentu nago, baina larunbatean sentitu nintzen irabazle, eta beste amorru batekin erreakzionatu nuen. Matematikoki lotuta ez zegoenez, hankak lurrean eduki ditugu azken unera arte. Larunbatean gozatu egin genuen lehenak izateagatik, puntu bat sartzeagatik, eta denboran lortutako abantailagatik. Hala ere, denbora dezente noa ligako irabazle sentitzen, horrela ez adierazi arren. Lortu ditugun puntuekin eta arraun egin dugun lasaitasunarekin, duela pare bat asteburu nahiko konbentzituta nengoen hau irabazteko gai ginela.

Hondarribiko eta Lekeitioko asteburuan sentitu zinen irabazle? Bi banderak irabazita?

Bai, asteburu horretatik atera nintzen beste lasaitasun batekin, baina beldur puntu horrekin ere, hurrengo asteburuan Galiziara joan behar genuelako eta estropada eremu berriak zirelako. Estropada oso onak izan ziren, ez genuen banderarik lortu, baina puntuak borrokatu genituen. Oriorekiko sei puntuko aldearekin joan ginen eta berdin bueltatu ginen. Oso-oso lasai egin dut arraun aste guztian, asteburuan ere [Zarautzen]. Baina, bai, Lekeitiotik bueltan taldea psikologikoki oso indartsu atera zen.

Bukaera biribila izan zen: liga irabazita eta bandera eramanda. Mahai gainean beste kolpe bat eman zenuten.

Bai, aurten esan dut: liga irabazi nahi dut, eta abantailarekin. 2021ean irabazi genuenenean berdinketarekin izan zen; Oriok eta guk puntu berdinekin, baina bandera bat eta garaipen bat gehiago. Beste lasaitasun batekin irabazi nahi nuen, eta hala izan da: liga bukatu, Zarautzen irabazi, eta Oriorekiko zortzi puntuko aldearekin. Bandera irabaztea, eta segundo batzuk sartuta Oriori... beste sentipen batekin geratu gara. Gainera, ni ehuneko ehunean liga irabaztearen aldekoa naiz, hor erakusten delako erregulartasuna.

Estropada amaitu zenean, zer pasatu zitzaizun burutik?

Buf! Ba, gauza asko. Pertsona askorekin gogoratzen zara. Urte gogorra izan da psikologikoki, baina sekulako taldea izan dugu, eta horrek bultzatu nau nire egoera pertsonalari buelta ematera. Gogoratu naiz ere trabak jartzen dizkiguten pertsona guztiez. Azken urtean Arraun Lagunak asko kritikatu da; leporatu digute konpromiso falta dugula, pisuz kanpo gaudela, gizenak garela... Mezu oso negatibok egon dira, saiatu direnak taldea kaltetzen. Ez dute inolako baliorik izan, taldea askoz gehiago indartu baita. Gogoratu dut gizenak izan garela garaileak. Kolpea eman dugu mahai gainean, eta erakutsi dugu lanarekin dena lortzeko gai garela. Gertukoez eta hain gertu nahi ez gaituztenez gogoratu naiz.

Bandera gehien irabazi duzuen taldea izan zarete, eta irabazi ez duzuenean, bigarren egin duzue, estropada batean izan ezik. Zein izan da sendotasun horren gakoa?

Iruditzen zait ez dela bakarrik aurtengo kontua, baizik eta Arraunen esentzia. Gauzak ez direnen ateratzen, beti nahi dugu bandera, baina ez dagoenean, borrokatu behar duzu puntu ahalik gutxien galtzeko. Zentzu horretan, psikologikoki talde sendoa gara; lasai gaude atzean baldin bagaude, gure gaitasunetan sinisten dugulako eta badakigulako salbatzeko aukera dugula. Talde honekin oso lasai arraun egiten dut. Konfiantzarekin, bandera ez baldin badago, bigarren postuarengatik borrokatuko dugula, eta erregulartasuna mantenduko dugula. Gure burua izan da gakoa erregulartasuna lortzeko.

Lehen estropadatik jantzi zenuten maillota, eta geroztik ez duzue erantzi. Horri ez zaio nahikoa balioa eman?

Balio o so gutxi eman zaio egin eta irabazi dugun ligari. Beste entrenatzaile batzuen adierazpenak irakurrita, kontziente gara asko molestatzen duela Arraun Lagunakek liga irabazi izana. Esan da ez garela erregularrak izan, eta bandera batzuk bi jardunaldietara izan balira, beste talde batzuk irabaziko zituztela, egia ez denean. Uste dut segundo gutxien sartu dizkiguten ontzia izan garela. Oriok sartu zizkigun estropada batean hamahiru, baina, kontaketa orokor batean, irabazi ez dugunean, gu egon gara beti gertuen banderetatik. Eta balio gutxi eman zaio maillota galdu ez izanari. Talde barruan ere, une askotan ez gara kontziente izan uda osoan maillotarekin egon garela. Baina lasai nago; badakigu zer egin eta lortu dugun, eta kanpokoek esaten dutena, bakoitzak ikusiko du.

Zortzi ontzi aurrenekoz. Zer balorazio egiten duzu?

Positiboa goiko blokean eta erdizkakoa behekoan. Pena ematen dit Hondarribiak, adibidez, askotan ehuneko batzuengatik ez duela ohorezko txandan sartzea lortu. Hibaika pixka bat hor geratu da, eta galiziarrek, bai, meritu asko dute, baina uste dut kontziente izan behar dugula saltoa dezente handia dela. Araudia ezarrita dagoen moduan, beraiek ez doazela kanporaketetara eta Hibaika bai, uste dut buelta bat eman behar zaiola, oso atzean geratu direlako.

Bestalde, Euskotren Ligako seigarrena kanporaketetara joateak, behetik igo nahi dutenei, akaso, aukerak pixka bat murrizten zaizkie. Uste dut berriz pasatuko dela traineruen aldaketa falta hori, baldintzak horrelakoak diren bitartean. Horrek aspergarria egiten du liga. Azken urteetan lau traineru berdinak egon gara denbora guztian, eta guretzat ere monotonoa zen. Eman beharreko pauso bat zen, zortzi traineruk egon behar zuten bai ala bai, emakumezkoen arraunak sekulako hazkundea izan duelako. Hazkunde horrekiko eman behar zen pauso bat zen, eta ez sari bat. Hala ere, buelta batzuk eman behar zaizkio, bai gure liga babesteko, ikusgarritasuna babesteko, eta bai ETE zein Galiziako ligak babesteko ere, taldeak hain kolokan ez geratzeko.

Lehen helburua lortuta, orain bigarrenaren bila: Kontxako Bandera. Nola ikusten dituzu gainerako aurkariak?

Ligarako borrokan egon garen laurak... agian batzuei erregulartasun puntu bat falta zaie, eta bi jardunaldietara denez, akaso, hor itxi egiten zaie banderarako lehia. Bai goialdean bai behealdean sartzen direnak sartzen direla, Kontxa borrokatua izango da. Gero, baldintzek asko markatuko dute banderarako lehia. Guretzat sekulako sufrimendua da horrelako estualdia pasatzea. 2021ean irabazi genuenean ez zegoen itsasorik, ez zegoen haizerik, ez zegoen ezer, eta bi segundorekin joatea bigarren igandera psikologikoki gogorra da, bi segundo ez direlako ezer, baina azkenean lortu genuen mantentzea. Iruditzen zait aurten antzeko zerbait izango dela.

Faborito nagusia Arraun Lagunak dela esan daiteke?

Duela bi hilabete ia kanporaketetarako geunden, askoren ahotan. Orain kiniela faboritoen artean jarriko gaituzte. Uste dut ligarekin bezala egin behar dugula, faboritismo presio hori kendu; eta gure lana egiten badugu, ez dut zalantzarik aurrean egongo garela.