EDITORIALA

Eztabaidak, hobe aldez aurretiko mugarik gabe

Lurraldetasun eredua. Edo, nahiago bada, Estatu eredua. Formulazio batekin edo bestearekin, hori da, antza, kurtso politiko ireki berriko kontzeptu nagusia. Atzo Iñigo Urkullu lehendakariak eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak erabili zuten. Lehenengoak Miramar jauregian egindako prentsaurrekoan aipatu zuen, Lakuako Gobernuaren lehenengo bileraren ostean. «Euskal erakundeei garrantzi eta gaitasun handiagoa emango dien eredua» defendatu zuen. Otegik, bestetik, Radio Euskadin hitz egin zuen, eta «lurraldetasun ereduaren inguruko eztabaidaren legealdia» izan behar dela azpimarratu zuen.

Kooperaziora gonbidatzen duten deklarazioak dirudite. Testuinguru zehatz bat dute, ordea, eta komeni da ez ahaztea. Batetik, uztailaren 23ko hauteskundeek indar subiranisten esku utzi dute espainiar Estatuaren gobernagarritasuna. Gaur-gaurkoz, horien esku dago Sanchez berriz presidente izatea edo hauteskundeak errepikatzea. Honek, Estatu ereduaren auzia berriz mahai gainean jartzeko aukera sortu du, PSOEk eta Sumarrek barneratu behar dutelako, aurrerantzean, gobernatzeko alderdi subiranisten laguntza beharko dutela. Bestalde, atzo Urkulluk gaiari iskin egin bazion ere, kurtso politiko honetan Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeak deitu behar ditu, eta hitzordu horretan EH Bildu izango du lehiakide nagusi. Jeltzaleen kaltetan egin du aurrera ezker independentistak azken hauteskunde zikloan, eta Sabin Etxean lurraldetasunaren eztabaidari hautsa kentzea erabaki dute.

Arrazoiak arrazoi, eta testuinguruak testuinguru, auzia mahai gainean jartzea ez da albiste txarra. Lehiaren barruan, bi euskal alderdi nagusiek kooperatzeko bideak topatu behar dituzte. Horrek, ordea, bi gauza eskatzen ditu; batetik, alderdikeria apaltzea eta, hauteskundeetatik harago, herri adostasun batzuk lortzeko gaitasuna lantzea; eta, bestetik, atzo Urkulluk egin ez bezala, eztabaidari aldez aurretiko mugarik ez ezartzea. Euskal Herriari erabakitzeko eskubidea ukatzen dion alderdi batekin adostutako gobernu-programak ezin du definitu eztabaida honen jokalekua. Errealitate printzipioa garrantzitsua da. Anbizioa, alor honetan, are gehiago.