Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
ARRAUNA

Kontxako Banderan izan nahi dute, urteko hitzordu garrantzitsuenean

Emakumezkoen traineruak gaur lehiatuko dira Kontxako sailkapen estropadan, datozen bi igandeetarako plaza lortzeko. Hemezortzi traineruk parte hartuko dute, eta 18.00etan hasiko dute erlojupekoa, bi taldetan banatuta.

Iazko Kontxako Banderako irudian, Hibaikako arraunlariak; Orena hirugarrena da.
Iazko Kontxako Banderako irudian, Hibaikako arraunlariak; Orena hirugarrena da. (Jon URBE | FOKU)

Iritsi da Kontxako Bandera, arrauneko txapeldunen liga. Emakumezkoek emozioak dantzan ipiniko dituzte gaur. Batzuek batez ere gaur, eta beste batzuek, igandean. Zazpirentzat lekua dago hurrengo bi igandeetan Kontxan lehiatzeko, Donostiarrarentzat baita zortzigarrena. Zer ontzi ibiliko dira seigarren-zazpigarren postu horien lehian? Zenbait hautagai daude. Hibaika, Cabo, Kaiku, Zumaia, Zarautz eta Chapela traineruak dira Aintzane Urbieta (Zumaia, 1991) Zumaiako arraunlariak, Ainhoa Escobal (Sestao, 2003) Kaikukoak, eta Nerea Orena (Donostia, 1981) Hibaikakoak zerrendatu dituztenak.

“Telmo Deun”-eko arraunlariak esan du Hibaika eta Cabo ETE ligako traineruak baino gorago ikusten dituela, nahiz eta sasoi hasieran, Gipuzkoako Txapelketan, Zumaiak Errenteriako taldearen aurretik egin: «Hori ekain hasieran izan zen, eta ordutik denbora asko pasatu da. Hala ere, haizea eta itsasoa badago, iruditzen zait edozer gerta daitekeela. Agian baldintza txarretan, Hibaika eta Cabo, ikusi egin beharko litzateke sartuko diren edo ez».

Escobalek Zumaia, Zarautz eta haiek, Kaiku, ikusten ditu azken bi postu horietan. Hibaika, «zalantzarik gabe», eta Chapela, «agian». Orenak espero du haiek Hondarribiaren atzetik egotea, eta Cabo ere hortxe ikusten du: «Gu eta Cabo bosgarren eta seigarren postuetan egotea espero dut, eta, gero, azken postu horretan borroka handia egongo da. ETEn Kaiku eta Zumaia lehian ibili dira; baita Zarautz ere, baina beti barean. Txapela ez dakigu nola ibiliko den».

Gaur haizea ibiliko da zertxobait, eta, olatu handiak emanda ez dauden arren, metro bi ingurukoak izango dira, azkarrak. Orenak esan du ez dela estropada «erraz-erraza» izango: «Haize bolada indartsu samar batzuk eman dituzte, eta, haizea eta olatuak badaude, zikin jarriko da». Kaiku eta Zumaia ondo moldatzen dira baldintza horietan. «Itsasoan asmatu egin behar da, batez ere poparean. Zaila dugu, baina aukera gehiago ikusten ditugu itsaso pixka bat badago, bare badago baino», esan du Zumaiakoak. Kaikukoak ere esan du nahiago dutela itsasoa egotea, ez egotea baino.

BORROKARAKO GOGOA

Estropadari begira «gogotsu» daude hiru traineruak. Sestaoko taldeko arraunlari gehienentzat estreinako aldia izango da Kontxan, eta, ETE liga irabazi berritan, «oso pozik eta gogotsu» daudela esan du Escobalek. Aurrenekoz 2018an sailkatu ziren Kontxan, Kaikuk andrazkoen trainerua estreinakoz uretaratu zuen urtean.

“Telmo Deun”-ek bi urte daramatza Kontxan sartu ezinik. Hori bai, talde gutxiren eskuetan dagoen Kontxa irabazi zuen 2013an, euskal talde batek lortu zuen lehena. «Talde gaztea gara, eta ilusio handiz gaude, ikusten dugulako aukera badagoela. Beti esaten diet: gure lana eginez gero, gustura geratzen bagara eta disfrutatzen badugu, ez dizut esango sailkatuko garenik, baina ez dizkiegu gauzak erraz jarriko», esan du Urbietak.

Hibaika askotan egon da Kontxa irabaztetik hurbil: bigarren geratu dira lau aldiz (2013, 2015, 2016 eta 2017), eta hirugarren egin zuten 2014an. «Hortxe ibili izan gara beti», adierazi du Orenak, eta nabarmendu du, Kontxako banderarik astindu ez duten arren, Hibaikak gaur sailkatzea lortzen badu, 11. urtez jarraian Kontxan sartuko direla, eta, honenbestez, urte gehien daramatzan taldea izango da.