Xabier HERNANDEZ EZEIZA
Iñakiren lagunak
KOLABORAZIOA

Iñaki Quijera Zelarain. 1979/9/1

Iñaki lagun maitea, irailaren 1a berriro iristear da, beste behin, eta 44.a izango da. Urtero bezala, zure memoria gogoratzen dugu, zure hilketaren zigorgabetasuna salatzen dugu eta lau haizeetara zabaldu nahi dugu zure borroka zilegi zela eta dela. Denbora igaro ahala, bere argi eta itzalekin, bizitzeko gogoa nagusitzen da, itxaropena da gure ardatza eta herri honek egunero idazten du bere patua, pausoz pauso, eta zailtasun eta inposaketa guztiak gorabehera, azkenean lortuko du bere askatasuna.

Bide horretan, Iñaki maitea, eta zu bezala beste ehunka pertsona gure ondotik krudelki kendu zizkigutela gogorarazi nahi dugu, ahotsik gabe utzi zituztela, eta salatu nahi dugu, halaber, krimen horiek egin zituztenek eta haien konplizeek gure artean bizitzen jarraitzen dutela inpunitate osoz.

Gure laguna polizia nazional espainiar batek tirokatu zuen eta hil egin zuen. Gaur egun lasai-lasai bizi da eta inork ez dio erantzukizunik eskatzen. Iñakiren delitua? Garai hartako preso eta errefuxiatu politikoei elkartasuna adieraztea.

Gure oroimenak 44 urte atzera begiratzen du. Atzo bezala, gaur egun gure herriak borrokan jarraitzen du bere askatasuna, eskubide sozial eta politikoak lor ditzan. Atzo bezala, gaur ere 1978. urtean ezarri zen erregimenaren aurka borrokatzen ari gara, frankismoak bizirik jarraitzen baitu Estatuko egitura politikoetan. Oraindik ez dira gai izan frankismoarekin hausteko, Francoren herentzia faxistarekin amaitzeko.

Iñaki, lagun maitea, inkonformista gaztea izan zinen, eta bidegabekerien aurka borrokatzea aukeratu zenuen. Zoritxarrez, egun tamalgarri hartan, Estatuak zure bizitzarekin amaitzea erabaki zuen; 18 urte zenituen, eta bat-batean zure gaztaroarekin amaitu zuten. Gaur egun oraindik galdetzen diogu geure buruari, zergatik? Zertarako? Pertsona askok izan dute zure amaiera triste bera, atxilotu beharrean hiltzea erabaki zuten.

Gaur egun oraindik zain gaude ea zerbait esaten duten, zergatik erabaki zuten estrategia hiltzaile hura aurrera eramatea. Oraindik zain gaude ea barkamena eskatuko duten; hiltzaileak eta haien babesleak epaitu arte zain gaude. Bitartean, hori egin arte, justizia aldarrikatzen jarraituko dugu, gure historia eta kontakizuna idatziz, ekintza kriminal horiek egin eta agindu zituztenak izen-abizenekin salatuz. Gure artean daude eta gure bizitza inpunitate osoz baldintzatzen jarraitzen dute.

Errepresiorako tresnek hor jarraitzen dute, gure desioak baldintzatzen dituzte. Uniformeak aldatzen dira, errepresioak aurpegi asko ditu, baina biktimarioak berdinak dira, estrukturak berdinak dira; horrekin bukatu beharra dago gure herriaren duintasuna errekuperatzeko, eta libre izateko.

Zalantzarik gabe, gure herrira ere udaberria iritsiko da, Iñaki maitea, zu eta zu bezalako ehundakak, bidean geratu zaretenek, gure omenaldia jasoko duzue, gure errekonozimendua izango duzue, gure herriaren alde dena eman duzuenok letra handiz gure oroimenean betirako izango zaituztegu.

Irailaren 1 asko pasa dira, 44 hain zuzen, baina lau haizeetara zabaldu nahi dugu, Iñaki maitea, maite zaitugula. Beti edukiko zaitugula gure bihotzetan, beti. Egun handira arte, lagun maitea.

Gora Iñaki!