GARA
DONOSTIA

Euskal jaiak bueltan dira Donostian, Ordizian eta Zarautzen

Uda sasoiari amaiera emateko antolatzen diren euskal jaiak hemen dira berriz ere Donostian, Ordizian eta Zarautzen. Ia ohartzerako iritsi zaizkigu. Hiru udalerrietan datorren asteburura arte luzatuko dira ospakizunak. Ordizian irailaren 6a izango dute egun nagusia, eta Zarautzen, irailaren 9a.

Ordiziako egun handiak jende asko bilduko du.
Ordiziako egun handiak jende asko bilduko du. (Gorka RUBIO | FOKU)

Donostiako Euskal Jaietako egitaraua asteazkenean hasi zen, Kontxako Banderarako emakumezkoen sailkapen estropadarekin batera, eta hamaika egunetarako 60 ekitaldi antolatu dituzte guztira.

Nagusienetakoa Sagardo Eguna da, eta hori bihar goizean ospatuko da, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen eskutik. Konstituzio plazan egiten dela 35 urte betetzen diren honetan, 39 upeltegitako sagardoa dastatzeko aukera izango da 11.00etatik aurrera. Joxe Mari Alberrori, Satxota sagardotegiko Juan Ignacio Artolari eta Ana Mari Pascuali omenaldia egingo diete 12.30ean, eta aurten ateak itxi dituen Setien sagardotegiko Eugenio Urruzolari ere bai. Bihar nekazaritza ekologikoaren XX. merkatua bisitatzerik ere izango da Bulebarrean.

Dena ez da jan-edana, ordea. Konstituzio plazan esku dantza herrikoia eta erromeria izango dira, 19.00etan hasita, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak eta Udal Txistulari Bandak gidatutako saioan. Igandean, berriz, dantza sueltoko txapelketa izango da 18.00etatik aurrera.

Irailaren 8an marmitako lehiaketaren V. edizioa egingo dute Trinitate plazan, eta leku berean, 22.00etan, erromeria. Biharamunean, eguerdian, beste lehiaketa bat egingo dute: legatza donostiar erara. Egun horretan bertan beste hainbat ekitaldi izango dira: Gaztelu eguna; Goizaldi dantza taldearen 75. urteurrena ospatzeko emanaldi eta kalejirak, arratsaldeko seietan hasita; eta bertso emanaldia 22.00etan, Trinitate plazan.

ORDIZIAN, 2TIK 10ERA

Ordizian bihar hasi eta hilaren 10era arte iraungo dute euskal jaiek, eta, ohikoa den bezala, azoka berezia eta gazta txapelketa izango dira hitzordurik deigarrienak, asteazkenean. Baina egitaraua bihar zabalduko da “Emaneurre euskarari” egunarekin. Bertan, kuadrillen arteko herri kirol txapelketa, herri bazkaria eta musika emanaldiak izango dira, Gozategi taldearen erromeriarekin amaitzeko.

Etzi jubilatuen eguna ospatuko da, eta irailaren 5ean, asteartean, bertako produktuen XXX. sukaldaritza txapelketa eta Goierriko Odolkirik Bikainenaren XXVII. dastaketa-lehiaketa egingo dituzte.

Biharamuneko azoka berezian gazta, ganadu, lumagorri, fruta eta barazkien lehiaketak egingo dira, baita perretxikoen erakusketa ere. Gazta lehiaketaren sari banaketa eta irabazlearen enkantea eguerdiko 13.45ean egingo dira Beti Alai pilotalekuan. Toki berean, 17.30ean, profesionalen arteko esku-pilota partidak jokatuko dituzte, eta ondoren herri kirol jaialdia eta Eingo taldearekin erromeria izango dira.

Egitarauak datorren asteburuan jarraituko du. Ostiralean kirol, dantza eta antzerki emanaldiak izango dira; larunbatean sagardo festa, eta gauean Neomak taldearen kontzertua; eta amaitzeko, igandean, Lazkao Txiki XXXII. Bertsopaper lehiaketaren sari banaketa eta Allur dantza taldea.

ZARAUTZEN, EGUN HANDIA 9AN

Zarauzko egun nagusia irailaren 9an izango bada ere (larunbata), astean zehar egitarau oparoa prestatu dute, euskal kultura eta tradizioak aldarrikatzeko helburuz.

Bihar, adibidez, euskararen aldeko lasterketa, aurresku txapelketa, herri bazkaria eta kalejirak izango dira; etzi haurren euskal jai eguna ospatuko da; astelehenean helduen binakako dantza txapelketa egingo da; asteartean, herriko antzerki taldeen emanaldia...

Astea larunbatarekin biribilduko dute, Euskal Jai Egunarekin. Dianarekin abiatuko da 7.00etan, eta ondoren Goiztarrak taldea eta txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak eta ttuntturroak aterako dira. Egunean zehar, eta gauera arte luzatuta, betiko ekitaldiak izango dira: Alproja taldearen kalejira, antzerki emanaldia, erromeriak, larrain dantza.