Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
KONTXAKO SAILKATZE ESTROPADA

Gozoa dastatu du Ondarroak; gazia, ordea, Lekittarrak eta Kaikuk

Kontxarako sailkapen estropadan ez da ezustekorik izan, neurri batean, itsasoa ez zegoelako atzo bezain zakar. Zierbenak egin du lehena, Hondarribiak bigarren, Oriok hirugarren eta Urdaibaik laugarren. Hurrengoak Cabo eta Getaria izan dira. Azken txartela lortzeko borrokan egon dira Ondarroa, Isuntza eta Kaiku, eta sari potoloa 'Antiguako Amak' eraman du.

Ondarroakoak, atzo, estropada bukatu berritan, Kontxan sartu direla ospatzen.
Ondarroakoak, atzo, estropada bukatu berritan, Kontxan sartu direla ospatzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ondarroak ezin izan du hobeto ospatu klubaren 50. urteurrena, atzo Kontxako Banderan sartuta. “Antiguako Amak” brankaz oso lan ona egin zuen. Kanpoko balizan Zierbena, Hondarribia eta Orio traineruek bakarrik markatu zuten denbora hobea. Ondoren, poparean, lana biribildu zuten eta lehen luzean lortu zuten errentari eutsi zioten. Zazpigarren postuan amaitu zuten Kontxako sailkapen estropada. Faborito nagusiek sailkapena lortu zuten: Zierbenak, Hondarribiak, Oriok eta Urdaibaik. Cabo eta Getaria ere sartu ziren.

Ondarroak txanponaren alderik gozoena dastatu zuen; Lekittarrak (zortzigarren) eta Kaikuk (bederatzigarren), ordea, garratzena. Isuntza 1.89 segundorengatik geratu zen kanpoan. Brankaz “Antiguako Ama’ gailendu zitzaion, zortzi segundoko aldea aterata. Poparean, ordea, Lekittarra sei segundo azkarrago etorri zen. Denboraldi osoan bezala, erakutsi zuten ondo moldatzen direla olatuen gainean. Bi luzeen denborak batuta, baina, Iñaki Errastiren arraunlariek eraman zuten saria. Sestaoko traineruak, Lekittarraren denbora berbera markatu bazuen ere lehen luzean, bigarrenean nahiko atzean geratu ziren, Ondarroa baino zazpi segundo motelago iritsita. Jose Luis Kortaren taldeak ezin izan zuen herenegun emakumezkoek hasitako lana biribildu, eta, hala, klubaren mendeurrenean, Kontxarako sailkatu.

Herenegun emakumezkoek izandako itsaso zakarra ez zen atzo egon gizonezkoen erlojupekoan. 20 kilometro orduko haize boladak, eta metro inguruko olatuak. Ezustekoak emateko tarte txikiagoa, zalantzarik gabe. Eta ez zen izan ustekaberik, faborito nagusiek sailkatzea lortu baitzuten.

B multzoko traineruak izan ziren irteten lehenak. Zarautzek abiatu zuen erlojupekoa. Arkote izan zen multzoko denborarik onena markatu zuena, bai kanpoko balizan (10.16), bai helmugan (20.51). Lapurdi izan zen bigarrena, eta San Pedro hirugarrena. Hain justu, KAE 1 ligako hiru ontzirik onenak.

”ESPERANTZAK” SUFRITU DU

Santurtzi izan zen A multzoko ontzietan irteten lehena, eta ziabogan Arkotek eta San Pedrok baino denbora kaxkarragoa markatu zuen, bai eta amaieran ere.

Ares Galiziako ontzia onenen multzoan sartu zuten, eta kanpoko balizan Arkoteren atzetik egon bazen ere, poparean lan ona egin zuen, eta haien aurretik sartu zen, hamargarren geratuta, Kaikuren atzetik.

Orduan iristen hasi ziren faborito nagusien erreferentziak. Orio atera zen aurrena ontzi indartsuenen artean, eta hari segika zituen Zierbena eta Urdaibai. Kanpoko balizan Mirotzek 10.03 segundoko denbora ezarri zuten, eta “Galipoek” zortzi segundotan hobetu zuten. “Bou Bizkaia”, aldiz, bi ontzi horiek baino motelago heldu zen. Zierbena baino hamalau segundo gehiago behar izan zituen Iker Zabalaren taldeak. Hondarribia izan zen azken-aurrena irteten. Mikel Orbañanosen taldea Zierbenaren atzetik iritsi zen ziabogara, bost segundo motelago. Eta lau faboritoek kanpoko balizara iritsi ziren hurrenkera berean amaitu zuten erlojupekoa. “Galipoak” aldarte onean daudela erakusten ari dira denboraldiko azken txanpa honetan, eta atzo ere hori berretsi zuten, “Ama Guadalupeko” traineruari hamabost segundo aterata.

Lau traineru indartsu horien atzetik ibili ziren Cabo eta Getaria, Eusko Label Ligan bezala. Bi ontzi horiek denbora bera markatu zuten kanpoko balizan (10.10). Baina poparean galiziarrak zertxobait hobeto etorri ziren, bi segundo azkarrago eta, hala, bosgarren bukatu zuten. “Esperantza” traineruak gogotik sufritu zuen, bereziki ikusirik azkenak zirela helmugaratzen. Isuntzaren denbora zuten erreferentzia: 20:40.04. Hori hobetuta, barruan ziren. Azken paladak eman eta oihuka hasi ziren getariarrak. “Esperantza” ontziarentzat hitzordu garrantzitsua baita Kontxako Bandera.