Maria DEL RIO
Zuzenbidean doktorea
JOPUNTUA

Urte berri on

Irakasle izateak eragina izan dezake, baina niretzat betidanik urtea irailean hasten da. Une horretan, denari berriro ekiten diogun sentsazioa izaten dut, urtarrilean baino askoz era nabariagoan; eta, horretara behartuta egon gabe, benetako «urte berriko asmoak» asmatzen ditut, hauek bai beteak izateko aukera gehiago dutela. Zalantzarik gabe, egun umeari ikasturte berrirako materiala, arropak eta familia antolakuntza prestatzeak sentipen hori areagotzen du. Baina beti, Marijaia erretzearekin batera, egunerokotasunera bueltatzeko momentua heltzen ari dela gogoratu dit.

Udako oporrak ezinbesteko etenaldia dira, errutinarekiko haustura unea. Ez beti atsedenerako garaia, baina bai deskonexiorako tartea. Ez dira gure bizitzetan bigarren mailako momentua; aitzitik, aitortza merezi duen eskubide garrantzitsua dira. Horren adierazlea da, urtean gutxienez astebetez etxetik kanpo oporretara joateko aukerarik ez izatea pobrezia edo bazterketa arriskuaren adierazlea dela; ustekabeko gastuei aurre egiteko ezintasuna, etxebizitza tenperatura egokian mantendu ezin izatea, edo gutxienez bi egunean behin haragia, oilaskoa edo arraina jateko aukerarik ez izatearen maila berean.

Egungo turismo eredua birpentsatu behar genukeen eztabaidaz harago, argi dagoena da oporrak badirela ere hausnarketarako aukera. Gogoeta egiteko, eta helburu profesional eta pertsonal berriak proposatzeko unea egokia, gure egunerokotasuna hobetuko duten aldaketak egiten saiatzeko perspektiba hartzeko aukera. Izan ere, gehienetan, opor garaira ezin heldu iristen gara, eta egunotan sareek oporren osteko sindromeari aurre egiteko aholkuak oparitzen dizkigute nonahi. Horietako batzuk erabilgarriak diren arren, oinarrian, zer hobetutakoaren erakusle dira. Denbora gehiago izateko beharra dugu guretzat, baita zaintza lanetarako eta borondatez egiten dugun beharrerako ere. Hortaz, badugu urgentziaz zerrenda horietara zer gehitu: lanaldi murrizketa soldataren murrizketarik gabe, kontziliazioa errazteko neurriak, ordutegiak arrazionalizatzea, deskonexiorako eskubidea…