GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Gure lorategia zaintzeaz


Nire familian beti egon da lorezaintzarekiko zaletasuna; garrantzi handia eman zaio lorategia eder jartzeari. Haziak landatu, zuhaitzak kimatu, belarra ureztatu, loreen kuskuak irteten ikusi. Baratze ere beti egon da gure artean: barazkiak landatu, zaindu eta fruituak jaso. Zein ederra den mahai inguruan eseri eta jasotako fruitu horiez gozatzea!

Nik oro har landareen zaintzan interes gutxi jarri dut, nahiz eta beti asko miretsi egindako lana eta lanaren beraren edertasuna. Zuhaitz bakoitza noiz kimatu behar den ez dut jakingo oraindik; aitzitik, etxean txiki-txikitatik lorategia eta baratzea zaintzeko ikusi dudan gogo eta lan nekezak eman dit zer pentsatu:

Zein garrantzitsua den gure lorategia zaintzea, haziak ondo hautatu, landatu, ongarria bota eta ureztatzea. Ohartu naiz baditugula gutxienez bi lorategi: emana datorkiguna eta geu apurka-apurka sortzen ari garena. Alde batetik, denok gara geuk hautatu ez dugun lorategi baten partaide: han dauden haziak ez ditugu guk landatu eta landareak lorategian landatzeko eta kokatzeko moduan ez dugu aukeramenik izan. Bestalde, bada pixkanaka geu sortzen ari garen lorategia; horretan, aukera dugu lorategiaren tamaina erabakitzeko, geure lorategiaren parte izatea nahi dugun landare motak hautatzeko. Hortaz, emana zaigun lorategian ez bezala, geuk sortutakoan badugu aukera haziak aukeratzeko, hazi batzuk zaindu eta besteak, agian, gutxiago zaintzeko, inguruan jaio diren belar txarrak kentzeko, hasiera batean gure alboan zeuden landareak geuri loratzen uzten ez digutela ohartu eta tokiz aldatzeko, landare batzuk inbaditzaile samarrak izanik, geuri bizitzeko beharrezko dugun espazioa kentzen digutela ikusi eta haiei mugak jartzeko. Gure lorategian, lorategi guztietan bezala, beti egongo da zer zaindu; beti egongo da usteldu zaigun loretxo bat, denbora batean arreta gehiegi jarri ez diogulako; beti egongo da ito dugun landareren bat, ur gehiegi bota diogulako, hots, geure iritzi, uste, edo epaiketekin gainezka egin duelako, adibidez; beti egongo da behaketa egin eta belar txarrak kentzeko aldia eta beti adi egon beharko dugu hazi berriak landatzeko denboraldiaz, landatzean berandutzen bagara, ez baitira beti ongi irteten.

Uste dut noizbehinka hartu behar dugula beharrezko denbora, filosofo peripatetikoen antzera, lorategiaren inguruan ibili eta hausnartzeko, edo, zehatzago, gure lorategia aztertzeko. Izan ere, modu horretan soilik izango gara gai sortu, landu eta zaindu dugun lorategi horren fruituak jaso eta emana zaigun lorategian gertatzen ari denagatik gehiegi ez sufritzeko. Lorategiaren zaintza bizi osoko zaintza da, baina zein ederra den tarteka lorategitik ibilaldia egin eta haren emankortasun, edertasun, usain, kolore eta fruituez gozatzea!