GARA Euskal Herriko egunkaria
KONTXAKO BANDERA 2023

Poparean txinpartak aterata, lidergoa Urdaibai eta Tolosaldearentzat

Alde oso txikiarekin erabaki ziren gizonezkoen zein emakumeen estropadak. Urdaibaik 11 segundoko galerari buelta eman zion eta Hondarribiari 1,25 segundo ateratzen dizkio. Tolosaldea, berriz, iragarpenak hankaz gora jarriz, Arraun Lagunak baino 18 ehunen arinago helmugaratu zen, azken txanpa hunkigarri baten ostean.

Erdiko argazkian, Urdaibaiko arraunlarien poza lehen jardunaldia irabazita. Eskuinean, Tolosaldearen azken txanpa Arraun Lagunak eta Donostiarrarekin eta sekulako poza kaian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Sarri ikusten dira arraunlariak jota, akituta, helmugara iritsi eta hurrengo minutuan. Urdaibaiko arraunlariak ia lehertu ziren atzo bigarren luzearen amaieran, baina eutsi zioten Gorka Aranberri patroiak eskatu zien horri eta, ziabogan Hondarribiarekiko pilaturiko 11 segundoko galerari buelta emanda, bermeotarrek irabazi zuten Kontxako Banderako lehen igandeko estropada.

Emakumeen Banderari dagokionez, Tolosaldeak pronostikoak hankaz gora bota zituen. Donostiarrak aurreneko luzean denborarik onena egin arren, poparean Tolosaldeak bere legea ezarri zuen. Bigarren kalea bere egin zuen eta Izaro Lestayo patroiak bikain defendatu zuen bere esparrua, “Bantxa”-ri istriborrera egiten utzi gabe, eta azken orduan Arraun Lagunaken erreakzioari ere eutsiz, 18 ehunenengatik izan bazen ere.

Gizonen estropadara begira ere ez dago harrokeriarik. Hondarribiari 1,25 segundoko aldea baino ez zion atera “Bou Bizkaia”-k. Ohorezko txandan izango diren Donostiarra eta Orio ere bost segundoren barruan geratu ziren. Bestalde, sailkapen estropadan denbora onena egin zuen Zierbena ohorezko txandatik at geratu zen, baina Urdaibairengandik 8 segundo baino gutxiagora.

BI TXANDA BIKAIN

Urdaibaik aurkari zuzenak kaitik ikusi behar izan zituen arraunean, bigarren txanda egokitu baitzitzaion, Getaria, Cabo eta Ondarroaren ondoan. Ez zitzaion “Bou Bizkaia”-ri asko kostatu aldea ateratzea bere hiru aurkariekiko, betiere jakinik aurreneko txandako traineruekin zela bere lehia.

Izan ere, lehen txandako estropada sekulakoa izan zen. Hasteko, estropadari ekin aurretik abisu bana jaso zuten Hondarribiak eta Zierbenak, eta Hondarribiak ez zuen urruti izan hiru segundoko zigorra, aurreneko txanpan Orioren kalera sartu eta mirotzen arraunetara komeni baino gehiago hurbildu zirelako. Hasierako bi minutu horiek kalterako ikusten zituen “Ama Guadalupekoa”-k eta Aquarium ingurua pasatu arte Orioren kalera hurbiltzea erabaki zuen Ioseba Amunarriz patroiak.

Handik aurrera lasaiago ibili zen traineru «bikingoa», batez ere aldea ateratzen asmatu zuelako. Oriok eta Donostiarrak traineru bete pasatxoko aldea galdu zuten Hondarribiarekiko eta Zierbenak, berriz, laugarren kaletik oso aurreneko luze petrala bizi behar izan zuen. Hain zuzen, 11 segundoko galera izan zuten «galipoek» ziaboga orduan, Urdaibaik adina.

«Bagenekien borroka handia izango genuela gure txandan. Kanporantz arraunkera polita hartu dugu eta barrurantz Oriorekin borrokatu behar izan dugu. Bestela ere, bagenekien korrontea aldatuko zela eta horregatik ahalik eta denbora gehien atera behar geniela aurkariei joaneko luzean, eta gero helmugara arte, eutsi»; horrela laburbildu zuen Ibai Camarerok, Hondarribiako arraunlariak, itxaropentsu datorren igandera begira.

ZUKUTU ARTE

“Ama Guadalupekoak” ongi eutsi zien bere aurkariei, ia ontzi beteko aldearekin helmugaratu baitzen Donostiarra eta Oriorekiko eta bi ontziko tartea mantendu zuen poparean ere indartsu aritu zen Zierbenarekiko ere.

Baina Urdaibairen poparea beste maila batekoa izan zen. «Ez genuen erreferentziarik eta topera ekarri ditut», laburbildu zuen Gorka Aranberrik. «Ikusi dugu lehenengo txandatik barruko kaleetatik ederki etorri direla eta gure ideia horixe zen: gogor atera eta bigarren kalera hurbildu joaneko luzean, eta bueltarakoan hirugarren eta laugarren kaletatik itzultzea. Kanporaka behintzat nahieran egin ahal izan dugu arraunean eta mutilak zukutzea izan da orduan egin beharrekoa», azaldu zuen Urdaibaiko patroiak.

«Sentsazioak onak izanda ere, derrigor gehiagoren bila joan behar duzu, berdin dio aurreneko zoazela-eta aldea handitzeko edo atzetik zoazelako murriztu beharra duzulako. Inork ere ez du benetan gozatzen, eta hargatik mutilak erabat hustu dira. Sekulako lana egin dute eta ezin zaie gehiago eskatu», gaineratu zuen Aranberrik.

Donostiarra eta Orioko taldekoak ere pozik ziren kaian. «Talde asko gaude denbora gutxian eta aurreneko txandatik bertatik ere Bandera irabazteko aukera dago. Oso polita dago estropada, oso irekia dagoelako. Gure kasuan, zergatik ez ametsik egin? Erakutsi dugu arerioei muturra sartzeko gai garela estropada onak egin ditugunean eta gaur ere erakutsi dugu», adierazi zuen Arkaitz Diazek, Donostiarraren patroiak, itxaropentsu.

«Aurten onenekin arraunean egin dugunean, porrot handiak izan ditugu: minutu erditik gorako galerak. Zeozer demostratu baldin badugu Eusko Label Ligako aurkari onenekin estropada egiten jakin izan dugula da. Zentzu horretan, nik uste “banderatxo” bat irabazi dugula, eta aukera bat ematen digula datorren astean hazkunde bat izateko. Saiatuko gara», esan zuen, azkenik, Jon Salsamendi Orioko entrenatzaileak.

AMETSAK EGIA BIHURTUZ

«Amesten genuen aurreneko postu bat lortzea, baina nik uste ez genuela sinisten», adierazi zuen Izaro Lestayok, hunkituta, Tolosaldeak emakumeen estropada irabazi ostean.

«Denek esaten ziguten noizbait iritsiko zela garaipen hau, baina ez genuen uste Kontxan iritsiko zenik. Arraunlariei esan diet guk dagoeneko irabazi dugula eta beraiekin munduaren amaieraraino noala. Segundo bakoitzak zuen garrantzia, eta azkenera arte tira egiteko esan diet. Guk dagoeneko irabazi dugu, baina datorren igandean amesten jarraitzera joango gara», gaineratu zuen patroi getariarrak.

Arraun Lagunak 18 ehunenera geratu zen, atzetik aurrerako estropada egin, eta badia barruan Tolosaldearekin nor baino nor sekulako ikuskizuna emanda. «Ikuskizuna espero dugu datorren iganderako. Hutsetik hastea bezalakoa izango da. Bere kalearekin hobekien jokatu eta gehien asmatzen duenak, hark eramango du bandera», laburbildu zuen Andrea Astudillo “Lugañene”-ko patroiak.

Bestalde, Donostiarra izan zen bigarren txandako aurreneko luzeko trainerurik azkarrena. Azkenean Tolosaldearekiko pare bat segundoko atzerapena pilatu zuen, poparean ezin izan baitzuen brankaz erakutsitako maila berdindu, Tolosaldeak ez ziolako bere indarra erabat aprobetxatzen utzi.

Amaitzeko, emakumeen lehendabiziko txandatik ohorezko txandara pasatu zen bakarra Orio izan zen, laugarren postuan orotara, Tolosaldearengandik 4,66 segundora geratuta.

Hibaika, Hondarribia, Zumaia eta Kaikuk maila duina eman bazuten, beste laurek egundoko ikuskizuna eman zuten, igandean zer emango duten esperoan.