Eneko BARBERENA
Idazlea
JOPUNTUA

Hasiera

Oporretako azken astea da eta ilunabarrean paseoan goaz kanpin ondoko soroak zeharkatzen dituen bidean zehar. Paueko uhaitz luze eta emariduna da helmuga. Autobidea azpitik pasatzen duen tunelera iritsi gara eta semeak oihartzuna zer den deskubritu du. Oihuka ari da poz-pozik.

Ni bitartean hilabetearen errepaso mentala egiten ari naiz: Prigozhin, Rubiales eta udaltzaina zakila kanpoan Bilboko txosnetan txiza egiten. Egia esan, ez nago ziur azken horrek zakila ote duen, baina hori imajinatu dut. Tiro hotsak Aretxabaletan eta Lazkaon. Bero errea eta euria. Euskaltzale suminduak Nafarroan eta Alberto Matxain kazetaria guztiekin sesioan -eskertzen diot ahalegina-, datuak eta emozioak nahasten diren sarean. Muturra okertu eta gai horri buruz hausnartzeari ekin diot: euskara aitzinatuko bada, ez da soilik lege kolpez izango. Uste dut mekanismoa beste bat dela eta akaso iritsi naiz ulertzera Hedoi Etxartek zioena, euskararen pizkundea Nafarroan une batzuetan langile mugimenduaren indarrarekin egon dela lotua. Arrasaten euskalgintzan eman ditudan urteetan ikasi dudan apurra da auzo erdaldun bat euskalduntzeko barrutik ekin behar dela. Eta euskararen erabileran eragiten dela aurrena tokian tokiko jaiak antolatuz, zerbitzu publikoak defendatuz edota tokiko tabernetan poteatuz. Gero datoz Euskaraldi eta enparauak.

Gure Deba ziztrinarekin alderatuta loriatsua da ibaia. Ur-lasterrei begira nagoela albiste txatala geratu zait gogoan iltzatua: behargina hil zen beharrean Arrasaten uztailaren 17an. Ez dut haren izenik aurkitu. Aste berean beste istripu larri bat gertatu zen. Kontzentrazioa egin zen horiek salatzeko, baina hauteskundeak eta jai zubia igarota. Haserre diferitua. Larritasun erlatiboa. Udaren zama gupidagabea. Gutxi ziren pankarta ostean eta ni ez nintzen euretariko bat.

Kanpinera itzultzeko ordua da, azken eguzki printzekin batera. Hurrengo astelehenean amaituko da armairuko inauteria: betoz praka luze eta zapatak. Hasiera deitzen diot urteko bederatzigarren hilabetean sartzeari.